1.172 langabe daude Zornotzan, duela lau urte baino gehiago

persiana-salgai22011ko hauteskunde garaiko datuekin alderatuta, langabezia tasak % 14,5eko igoera izan du Zornotzan. Enplegua sortzeko planetan Amorebieta-Etxanoko Udalak izan duen papera kritikatu du koalizio soberanistak, “gehiago egin zitekeela eta egin behar dela” esanez.

Egun, 1.172 pertsona langabe daude Zornotzan, martxoko datuak aintzat hartuta. 2011ko hauteskunde garaian langabeak 1.020 ziren. Beraz, langabezia tasak % 14,5eko igoera izan du azken lau urteotan.

“2011-2015 urteetan Amorebieta-Etxanon ez da berri onik izan enpleguari dagokionez eta horrek agerian uzten du udaletxeak izan duen papera ez dela nahikoa izan”, kritikatu du EH Bilduk.

Koalizio soberanistak, besteak beste, lau arazo nagusi antzeman ditu. Hauek dira:

  1. Orain arteko enplegu planek oso jende gutxiri lagundu ahal izan diote, eta arraroa da plan hauen bidez lanpostua egonkortu duenik aurkitzea.
  2. Merkatariek laguntza gehiago behar dute, bai trebakuntza aldetik eta baita euren negozioak egonkortuko dituzten neurriei dagokienez ere. Azalera handiko merkataritza-gune bat jartzen uzteak, adibidez, ez lieke batere lagunduko merkatariei. Sortuko lituzkeenak baino lanpostu gehiago galduko lirateke. Betidanik ezagutzen ditugun merkatariak tartean daude.
  3. Enpresek, foroez gain, politika aktiboagoak behar dituzte. Foro batek hitz egiteko balio du, eta ondo dago, betiere, anitza denean. Baina enpresek hiru gauza behar dituzte udaletxe eta administrazioengandik lehiakorrak izateko eta enplegua sortzeko: hitz egin, entzunak izan eta laguntza jaso. Gure ustez, lan mardula dago egiteko.
  4. Urte hauetan oso gutxi bultzatu da ekintzailetasuna herrian (praktikan ezer), gazte zein helduen artean. Honek ez du laguntzen enplegua zein autoenplegua sortu dadin.

Horrez gain, lau arazo nagusi hauei “prekarietatea” gehitu behar zaiela dio EH Bilduk, “Euskal Herrian gero eta zabalduago dagoen egoera, tamalez gure herrian ere pairatzen dugu”.

Amaitzeko, lau urte hauetan “arazo hauei guztiei bere osotasunean eta errotik” irtenbidea emateko ez dela nahikoa egin salatu du. “EAJren udal-gobernuak argazki politak atera ditu, baina argazkiekin soilik ez da ezer lortzen, kea besterik ez dute saltzen”.

“Arazo hauen aurrean udaletxeak duen jarrera aldatzeko ordua iritsi da”, azpimarratu du koalizioak.