1,3 milioi euro, 250 metro eskas dituen San Miguel kalearen itxura aldatzeko

Udalak 1.300.000 euro bideratuko ditu San Miguel kalea berrurbanizazio lanetara. 250 metro dituen kalearen itxura aldatzeko, aurtengo aurrekontuaren %5a suposatzen duen kantitatea erabiliko du Udalak. EH Bilduk neurrigabea deritzo obra hau egiteko dirutza hori erabiltzeari, kontuan hartuta herrian badaudela beharrizan askoz nabarmenagoak dituzten zonalde batzuk.

Iragan azaroan, EAJ eta PSEk adostutako udal aurrekontuei argi berdea eman zitzaienean obra honi aipamena egin ez zitzaien arren, bat batean atera du Udalak obra hau egiteko proiektua. San Miguel kalea berrurbanizatzeko, 1,3 milioi euro erabiliko dira. Hau da, aurrekontuaren %5a suposatzen duen diru kopurua 250 metro eskas dituen kale baten itxura eraberritzeko erabiliko dute. Guztiz neurrigabekoa.

Honek argiki erakusten du, nolanahi ere, zein den Udal Gobernuaren lehentasuna: hiri-erdigunea dotore jartzea, benetako beharrizanak dituzten kale eta auzoetan inbertsioak egin beharrean.

Kenduko den aparkaleku kopuruaz eta bideratuko den dirutzaz gain, ezin dugu aipatu gabe utzi badirela herrian premia nabarmenak dauzkaten beste gune batzuk: Astepe, La Tejera edo Tantorta, esate baterako. Azken honen kasuan, Udala ez da gai izan inbertsioak egiteko, eta enpresa pribatu bat etorri behar izan da, bere interesen trukean, auzoa berrurbanizatzera. 1.300.000 euro horiekin soberan legoke, dudarik gabe.

Udal Gobernu honen politikak berdina izaten jarraitzen du: adreilua eta zementua. Hori ez da EH Bilduren estiloa.