2019 arrazoi legearen gaindi

Urtea martxan jarri den unetik, egitasmo berriak ere modu berean azaltzen doaz eguneroko geruza deitzen dugun errealitatean. Honako hau duela gutxi aurkeztutakoa da, hain zuzen Gure Esku Dagok plazaratutakoa, giza kate erraldoi batez mintzo zaiguna da “2019 arrazoi elkarri eskua emateko” izenpean. Erabakitzeko eskubidearen lasterketan beste maratoi bat, euskaldunok dugun nahia egikaritu aldera eta gerora lege bilakatu behar duguna.

Aurkezleek dioskue erabakitzeko eskubidea ezinbesteko instrumentua dala, denboran elkarbizitza luze bat ziurtatu ahal izateko desberdin pentsatzen dugunen artean; jakina, zerbait berria eraikitzeak berezkoa du, hein batean bederen, liskarra eta ezinikusia.

Berriki entzun diot espainol indar armatuetako goikargudun bati esaten Katalunian elkarbizitza ez dela arazo, legea baizik. Diego Perez de los Cobos Guardia Zibileko koronelak (97an epaitua Kepa Urra torturatzeagatik eta orain guardia zibila eta mossoen artekoen koordinatzaile izendatua) zera zioen: Legea dela lehentasun eta ez elkarbizitza.

Beste behin ere, aipu horrek argiki azalarazten digu nortzuk irabazi zuten Estatu kolpea abiapuntu izan zuen gerra, nahiz sasi trantsizioa maisuki erabili izan arropa aldatzeko eta “demokrata” jantziekin azaltzeko.

ETA izan zen, bere garaian, Espainiako Erresumaren erreforma sasidemokratikoa zalantzan jarri zuen eragile politiko bakarretakoa. Zalantzan ipini eta borrokatu.

Honekin esan gura dut, oraingoan ere, mugimendu politiko indartsu bat behar dugula Estatuari aurre egiteko. Jakina, herri txiki bat garenez, gure tresnak ere modu berekoak dira eta horrelakoetan nahitaezkoak izaten dira estrategia finko bat eta borroka molde jakin batzuek, helburuak erdietsi gura badira.

Diskurtso argi eta trinko bat behar dugu “erabakitzeko eskubidea”-k mami eta eduki asko duelako eta ezin gaitezkeelako erori folklorismo huts batean non, bakarrik geure zilborrari begiratuz, behin eta berriro adierazi “zein herri polita garen” esanez.

Independentzia lortzea eta Estatu Berri bat eraikitzea garestia ateratzen da zentzu guztietan eta prestutasuna beharko dugu “giza kate” batetik harago. Hurrengo hilabeteetan lehia dator, posizionamenduak, liskarrak, geruza politikoaren gainean, politika baita apustuaren oholtza eta beti argi oinarrituta independentziak behar duela izan demokraziaren abiapuntu.

Eskua elkarri emateko arrazoi askok askoren parte hartzea eskatzen du, baina batez ere, pentsamendu indartsu bat nora goazen eta non dugun independentziaren hodeiertza argiki seinalatzen diguna. Bestela jai dago, batez ere aurrean ditugunak atsedenik hartzen ez dutenean eta oldartzeko prest daudenean gure mugimendu txikiena sumatu eta berehala. Eta argi izan, gu baino prestatuagoak daude, ez arrazoi eta ideietan, baina bai indarrean. Lehenengo legea eta gerora, ondo badatorkie, elkarbizitza… nahiz azken honi 40 urteko gau ilun hartan jaramon askorik ez erakutsi.