22 kilo

Martxoan sabelean 22 kilo plastiko zeuzkan kaxalote bat hilda agertu zen Sardinian. Albaitariek baieztatu ahal izan zutenez, zetazeoa emea zen eta haurdun zegoen. Baina sabelean beste zerbait ere bazeukan: 22 kilo hondakin, nagusiki plastikoak.
Adituek ezin izan zuten zehaztu animalia zergatik hil zen, baina aukeretako bat da normaltasunez elikatzeko zailtasunak izan zituela, desegiten ez diren hondakinak sabelean metatuta edukitzeagatik.
Europako Ingurumen Agentziaren arabera, itsasoan metatutako zaborraren %20 besterik ez omen da itsasoko jardueretatik sortua, gainerako %80 ibaietatik datorrela diote datuek. Are gehiago, dirudienez, itsas zaborraren %80 plastikoek osatzen dutela estimatu da.
Euskal Herriko kostaldea ere ez da libratzen kutsadura honetatik eta Zumaiako flyschetan pilatutako hondakinak ikusi genituen erruz zabaldutako bideo batean.
Estimaziorik latzenek diotenez, 2050. urterako itsas bizidunen gehiengoak plastikoa irentsita izango du. Animaliei bakarrik ez, giza osasunean ere kalteak eragiten ari da. Oraingoz, airean, gatzean, ur kaniletan eta giza gorotzean ere aurkitu dira plastiko zantzuak.
Oso konponbide zaila dauka egoerak. Plastikoaren lobbya oso indartsua da eta petrolio sektoreari loturik dago. Eta jakina da, munduko petrolio erreserben %90 baino gehiago hamasei lurralderen eskuetan dagoela. Gainera, 1980tik gaur egun arte, %500 igo da plastikoaren ekoizpena, eta ez dut uste ekoizleak atzera pausoa emateko prest daudenik.
Eta guk zer egin ahal dugu plastikoaren erabilera murrizteko? Argi dago kontsumo kontziente bat egiteak denbora eskatzen duela. Azken batean, bizitzaren oinarrizko beharrizanak erdigunean jartzea suposatzen du, horiei denbora eskaintzea, arduraz kontsumitzea eta ingurumenarekiko begirada izatea.
Eta ez dugu ahaztu behar zaborrik onena sortzen ez dena dela.