300 euroko dirulaguntza alokairuen prezioen igoerei, baina ez gazteei

Eusko Jaurlaritzak gazteen emantzipaziorako 300 euroko dirulaguntza emango duela adierazi zuen, 25-29 urte tarteko gazteei zuzendua, otsailak 18an egindako adierazpenetan. Horrelako ekimen hau ez da berria ezta berritzailea ere; antzeko ekimena jarri zuen martxan Rodriguez Zapateroren gobernuak , 2008ko urtarrilean. Neurriak kutsu erabat elektoralista izan zuen, orain bezala. Kasualitatea? Ez dirudi. Udal eta Foru Hauteskundeak datozela igartzen da.

Orain Eusko Jaurlaritzak martxan jarri nahi duen neurriak bere unean Rodriguez Zapateroren gobernuak zeukan ahulezia berdina dauka: espekulazioa. Une hartan alokairuaren prezioak asko igo ziren, eta bat egin zuen higiezinekin lotutako krisiaren hasierarekin. Desastre hutsa izan zen, etxebizitza alokatzen zutenek, garai hartan gazteek diru-sarrera gehigarria zeukatela jakitun, euren alokairuaren prezioa ere igo zuten. Egoera ez zen hobetu gazteentzat, eta oro har merkatuan, bi arrazoigatik: 1) Dirulaguntza hori eskuratzen zuten gazteek ez zuten diferentziarik nabarmentzen, alokairuak kopuru horretan igo zitzaizkielako, eragin nulua beraz. Eta, 2), dirulaguntza hori eskuratu ez zutenek prezio igoera pairatu zuten, euren eros ahalmenean eraginez eta egoera are gehiago prekarizatuz. Gainera, krisi finantzarioaren hasierarekin, desastrea mahai gainean zegoen.

Eusko Jaurlaritzak egin nahi duenak, itxuraz asmo ona izan dezakeen arren, eragin berdinak izango ditu higiezinen merkatuan. Eragin hau alokairuen merkatuan nabarituko da bereziki, Eusko Jaurlaritzak esku hartzeren bat egiten ez badu. Zaila esku hartzerik itxarotea azken urteotan Eusko Jaurlaritzak alor honetan erakutsi duen ibilbidea ikusita.

Errazagoa zen beste neurri egingarri bat:
1. Herriz-herri etxebizitza hutsen zentso bat egin.
2. Prest leudekeen etxebizitza horien jabeei, Eusko Jaurlaritzak, Alokabideren bidez, edo Udaletxeek, hauei behar beste eskuduntza emanez, pisu huts hori alokatzea, 300 euroren truke hilabetean, kontratupean eta epe kopuru jakin baterako. Honela, etxea hutsa izatetik 300 euroko sarrera gehigarriak izango lituzkete.
3. Alokabidek (edo udaletxeek) alokairu sozialeko etxebizitza bihurtuko luke aldi horretarako, gazteentzako benetan eskuragarria den prezio batean eta, benetan, emantzipazioa bultzatuz.
4. Etxebizitza egoera txarrean balego, bi aukera: 1) Eusko Jaurlaritzak egingo luke konponketa hori, jabeak alokatzen duen denboran erreparazioek kostatu izan duten dirua proportzionalki deskontatuz; edo 2) Eusko Jaurlaritzak egingo luke konponketa hori eta alokatze epea luzeagoa izatea inbertsio hori sozialki berreskuratu arte etxebizitza horrek gazteei ganoraz eta egoera prekariorik gabe emantzipatzeko emango lizkiekeen aukerei begira.
5. Behin epea bukatuta, jabeak aukera izango luke etxea berreskuratzeko ala, nahi izanez gero, berriro ere Eusko Jaurlaritzako Alokabideri edo udaletxeei birralokatzeko.
Modu honetan, bi arazoei egingo genieke aurre, etxebizitza hutsen arazoei, arrazoiak hainbat izanda, eta gazteen emantzipazio beharrari.

Ez da ezinezkoa egitea, baina Eusko Jaurlaritzak dirua behar du honetarako, eta hortaz gastu batzuk birbideratu beharko lituzke. Ez du, adibidez, Abiadura Handiko Trenarekin zerikusia daukan gasturik ukitu nahi, nahiz eta Frantziak ez duen lehentasun Madrilekin trenez konektatzea, eta Erkideko Autonomo batzuek ere dirurik ez dutela esan. Teorian, Eusko Jaurlaritzak gastatzen duen dirua Madrilgo Gobernu Zentralak itzuliko lioke, baina eskarmentua dugu Euskal Herrian Madrilek zer, zenbat, noiz eta nola itzultzen dituen diruak, eskuduntzak eta abar.

Argi dagoena zera da, dirulaguntza horrek, bere horretan, alokairuen prezioak areagotuko dituela eta ez duela egoera konponduko. Eta, gogoratu dezagun, etxebizitza ez dela luxua, baizik eta eskubidea.