Agur baserritarrei?

xabi-gutierrezTTIPa: Europar Batasuna eta Amerikar Estatu Batuen arteko merkataritza askerako akordio handia. Egia bihurturiko ametsa. Nekazaritza-elikagaien multinazional erraldoien ametsa. Gainontzeko guztiontzat, aldiz, amesgaiztoa.

Prest gaude 2016a amaitu baino lehen TTIP akordioa amaitzeko; itun handinahitsua nahi dugu, EBen eta AEBen interesei erantzungo diena” esaten zuen otsailean Ignacio Garcia-Bercerok, TTIPerako negoziatzaile burua EBen izenean. Eta zein da hitzarmen zital horren helburua? Bada, alde batetik AEBtako elikagaiei parez pare ateak zabaltzea, eta bestetik, AEBtako nekazaritza-elikagaien arauak Europar Batasunera zabaltzea.

AEBn sei urtetan Europako nekazaritza produktuen muga-zergaren batez bestekoa %9,9tik %6,6ra jaitsi da; eta EBen %19,1etik %12,8ra jaitsi da AEBtako nekazaritza produktuei dagokienez. Datu hauek ulertu ahal izateko ezinbestekoa da jakitea mundu mailan nekazaritza muga-zergen batez bestekoa %60koa dela.

Hitzarmen horrek aurrera egingo balu, elikadura osasunean eta kontsumitzaileon eskubideetan ondorio larriak eta atzerapauso nabarmenak eragingo lituzke, baina, batez ere, nekazaritza arloan eta produkzioan eragingo luke hondamendia. TTIParekin, salbuespenik gabe, korporazio handien nekazaritza-elikaduraren eredua inposatuko litzateke, bestelako eredu iraunkorren aldean.

Europak ez du inoiz nekazari txikien alde egin, baina ezin da ukatu AEBk baino geldoago joan dela suntsipenaren erreforma politikak ezartzean. Hala ere, orain TTIParen bidez, aukera paregabea dauka bere politikak eguneratzeko eta kapitalaren mesedetan nekazaritza eta iraunkortasunaren aldeko ekonomia-jarduera oro hondoratzeko.

AEBn EBen aldean nekazaritza eremua hiru aldiz handiagoa da, baina nekazaritza ustiategi gutxiago dago, EBen aldean, hiru aldiz gutxiago . Hala ere, AEBtako ustiategi bakoitza askoz handiagoa da: EBen ustiategi bakoitzak, batez beste 18 hektarea ditu eta AEBn 176 hektarea.

Hitzarmen hori ez da produkzio sektoreen aldeko merkataritza akordio bat izango, ez gaitzatela engaina, nekazaritza eta abeltzaintzaren egungo sistemaren aldaketa dramatikoa, eta, ondorioz, nekazarien akabera dakarren akordioa izango da. Horrela azaltzen du Javier Guzmanek Adios a los campesinos artikuluan: Itsaso zarratu batean arrantzatzea bezalakoa izango da, gero eta arrain gutxiagorekin eta gero eta itsasontzi handiagoekin. Ez dago arrainik guztiontzat, bakarrik handiek biziraungo dute eta txikiak desagertu egingo dira.

Beraz, itun honek nekazaritzari zera eskaintzen dio: hazi edo hil, areagotu edo hil, integratu gurean edo hil. Irudika dezakezue gure elikadura guztia lau multinazionalen eskuetan? Ez al duzue uste TTIParen amesgaiztoari aurre egin behar diogula? Behin hura onartuta beranduegi izango baita, ez da atzera bueltarik izango, eta zinez zailagoa izango da amesgaiztotik ateratzea.

TTIPari EZ!