Ahed Tamimi gazte palestinarra askatzeko eskatu du Amorebieta-Etxanoko Udalak

Israelgo indar armatuek edonor, edonoiz eta edonon atxilotzeko baimena dute, baita adingabeak badira ere. Ez dute inolako kargurik aurkeztu behar atxiloketa bat egiteko eta atxiloaldiaren iraupena urteetakoa izan daiteke.

Ez diete azaltzen zergatik atxilotu dituzten; senideen bisitak jasotzea galarazita dute; eta ezin dute abokatu baten laguntza izan. Gainera, kasu gehienetan torturak eta tratu txarrak jasaten dituzte.

Ahed Tamimi 16 urteko palestinarraren atxiloketa izan da horren erakusagarri. Neska honek hilabete baino gehiago darama atxilotuta.

Azkeneko osoko bilkuran, Tamimi aska dezatela eskatu eta beste hainbat gazte palestinarrek pairatzen duten egoera salatu dugu alderdi politiko guztiok aho batez onartu dugun adierazpen instituzionalean.

Bederatzi puntuko adierazpena Estatuko agintariei eta Israelgo Estatuari igorriko die Udalak.

Osoko bilkuran Ahed Tamimiren aitaren esker oneko gutun bat irakurri zen. Zornotzan bizi diren gazte palestinar batzuk izan ziren batzarrean.