Ahizpak

Ezagutu nuenetik gustatzen zaidan hitza da ahizpatasuna, edo bai behintzat esanahia ulertu nuenetik. Alaba bakar izanda, ahizpa gabe hazi eta hezi izanda, gaztaroan arraro egiten zitzaidan hitzaren dimentsioa ulertzea, nigandik urruti zegoela uste bainuen. Urteak aurrera eta, halako batean nerabezaroarekin egin genuen topo eta oso ondo aurre nola egin jakin gabe lehenengo sareak josten hasi ginen. Lagunartean, ikaskide artean, militantzia guneetan, lantokian zein aisialdian, josi eta josi, batzuetan kontzienteki eta besteetan inertziaz.

Tabernako komunean negarrez zaudela muxuzapia ematen dizun neska ezezaguna, etxerako bidean babes ematen dizun begirada konplizea, parrandan zaudela ondoan duzun astunak alde egin dezan zurekin dantzan hasten dena, igande goizean biharamuna nola doan galdetzen dizuna, eraso sexista baten aurrean ahotsa altsatzen duena, zisko eginda zaudela zenbat balio duzun gogorarazten dizuna, ausartzen dena eta bere kabuz ametsak errealitate bihurtzen dituena, entzuten zaituena, garraio publikoan zoazela gertu eseri eta lasaitzen zaituena, zure burua ere agoantatzen ez duzunean kafe bat hartzeko sei aldiz insistitzen dizuna, babesten zaituena, liburu bat gomendatzen dizuna, epaitu gabe laguntzeko prest dagoena, sarriegitan jakin gabe ere baretzen zaituena, kaletik joanda goxo agurtzen zaituena edo herriko kontzentran inoiz huts egiten ez duena. Detaile txiki-handi hauek denek erakutsi izan didate zer den ahizpatasuna, ezagun zein ezezagunek, baina batez ere ondoan ditudan lagunek.
Eta horregatik denagatik eta oraindik egiteko zein josteko dugunatik, eskerrik asko.