AHT-ren zubi baten azpian

Manuel egurrezko txabola batean bizi da. Zornotzan AHTrako eraikitako zubi baten azpian. Hotza pasatzen du, baina bidoian negu gogor honetan sua beti piztuta dago. Egurra batzen du inguruko basoetan gau osoa epel pasatzeko. Ez dauka ezer, bizitza besterik ez, baina pozik bizi da eta beti dago irribarretsu berarekin hitz egiten duzunean.

Zoritxarrez, Manuel ez da gure herrian egoera lazgarri honetan bizi den bakarra. Ez dugu ikusten edo ez dugu ikusi nahi baina pertsona batzuk daude beste leku batzuetan, bazterretan, miseria gordinean bizitzen. Eta hau ez da gertatzen ari Bilbon, Madrilen edo New Yorken, hau Zornotzan gertatzen ari da.

Pasa den Gabonetako argiak ez dituzte pertsona guztiak argiztatzen, batzuk iluntasuna besterik ez daukate euren txaboletan, ur eta argindarrik gabe. Ez dauzkate herriko plazako edo Zelaieta parkeko lore politak, nahikoa dute zer edo zer ahora eramateko bilatzearekin.

Errotondaz eta aparkalekuz betetako herri maitagarri honetan ez dago denontzako lekurik, nahiz eta udalak, gutxienez, 2 pisu libre eduki eta 1.500 etxe huts baino gehiago egon herrian.

AHTa egiteko 10.000 milioi € baino gehiago xahutzen da, eta alkatea eta alkateordearen soldatak (67.087 € eta 55.840 € urtero) igotzen diren bitartean, beren herriko pertsona batzuk kalean bizi eta hiltzen dira. Baina noski, hildako guztiak ez dira berdinak.

Beste Bik-en, denok bizilekua izatearen eta aterpe bakoen aldeko plataformaren, arabera, 2016an 3 pertsona hil ziren kalean Bilbon. Euskal Herriko udalerrietan egindako Etxerik gabeko pertsonen azken zenbaketaren arabera 112 pertsonek egiten dute lo Bilboko kaleetan, 163 Bizkaia osoan eta 285 EAEn.

Gizarte- bazterkeria egituran errotuta duen sistema sozio-ekonomiko batean bizi gara. Bazterkeria egoera horien aurrean, aberastasunaren banaketa eta elkartasuna ezinbestekoak dira.