Aiete

Duela urtebete pandemiaren lehendabiziko zantzuak agertzen hasiak ziren. Inork gutxik zekien zelako txolopotea zetorkigun gainera. Eguzkiak bere joan etorriak egin ditu, egunak zabalduz eta itxiz. Tartean hilabetean behin ere ilargi beteak bere xarma utzi izan digu eta horrela joan gara orduak xahutzen egunari. Eta, jada, nahiz eta urte osoa igaro, ez diogu neurririk hartu oraindik egoerari.

Ni gaur bestelako gai batekin natorkizue. Izan ere, aurten betetzen da hamarkada bat Aieten Nazioarteko Konferentzia ospatu zenetik gatazka politikoaren konponbidea sustatu aldera. Mugarri bat bezala hartzeak, egikaritzen hasten zenaren garrantzia besterik ez dio ematen. Hartan ere, jendarte batentzat ziklo bati itxiera ematen zitzaion beste bati ekiteko.

Hamar urte betetzear dira jada, eta nire galdera da, hamarkada baten buruan, ea non dagoen kokatuta Ezker Abertzalea.

Ezker Abertzale berak, bere orduko balorazioan, honako hauxe zioen: Gatazka politikoa behin betiko eta modu iraunkorrean gainditzeko oinarriak finkatzeko aukera zabaltzen zela. Guztion artean elkarrizketa eraikitzailea osatzeko garaia eta autodeterminazio eskubidean oinarritutako akordio demokratikoa eskuratu asmoz, herritarren berrespenarekin.

Ziklo aldaketa batek joko zelaia bera ere aldatzera behartzen gaitu eta, aurrekoan aldebiko eskemarekin ihardun bagenuen negoziaketa bat indarrean gauzarazteko, oraingo honetan jendartearen beharra zegoela argi ikusten zen.

Lehenengo eta behin, jendartea ilusionatu egitasmo politiko argi batekin, berea balitz bezala hartu behar du egitasmoa, horri bultza egin diezaion. Sinistu behar du hori egikaritu egin daitekeela,gorpuztu eta, tamalez, hori oraindik ez dugu lortu. Ez dago egitasmo politiko argirik, errotonda batean ari gara bira eta bira asmatu ezinik edo, beste modu batetara esanda, ez dugu elikatzen abertzale jendartea egitasmo politiko ilusionante batekin, non indarrak batuz kaleak hartzera gonbita egiten digun.

Alderdi politikoak botere instituzionala eskuratu eta kudeatzeko tresnak dira, baina mugimendu independentista zabal eta hegemoniko batek horrekin bakarrik ez du nahiko edo horrekin bakarrik zaila izango du bere helburu politikoak lortzea. Nago, egungo ildo politikoan, instituzioetan egiten den lana sustatzen dela batez ere eta gainontzeko borroka tresnak alde batera uzten ari garela.

Eta horrek, nolabait, kezkatzen nau. Non dira konfrontazio gune berriak? Izatekotan independentismoa gizarte mugimendutik eratu beharko da eta ez alderdi politikoetatik. Eta horrek Estatu baten beharrera garamatza.

Estrategia independentista eraldatzailea izanik gurea, herritar gehienen interesa piztu behar du, eskaintzak ohiko tradiziotik haratago joan beharko luke eta Aieteko Konferentziatik hamar urte betetzear direnean, esan genezake oraindik asko falta dela hartutako helburuak egikaritzeko.
Ezker Abertzalearen apustua garbia zen: hauteskunde koaliziotik haratago beste jokaleku batzuk ere kontutan hartu beharko zirela, bataz beste, mobilizazioa, borroka ideologikoa, etabar…

Nago, beste jokalekuen gabezia bistan dagoela.

Baten batek esan dezake trantsizio garai baten gaudela, oinarrizko kanpalekua lanabes ezberdinekin gorpuzten ari garela, gerora gailurreko bidea egin ahal izateko, baina oraingoz ez dugu sortu jendartean eztanda egingo duen ezer eta hori da gakoa. Azken urtea ezerezean gelditu da, pandemiak lurmendu egin digulako praxis mentala eta, jakina, luze joango da XXI. mendeko gaixotasun planetarioa. Beraz, zein fasetan gauden galdetzea ez litzateke lekuz kanpoko itauna. Independentismoak pultsu sozialaren aurrean izan beharreko kokapenari buruz gogoeta egin beharko du. Gizartea mugitzen ari da eta subjektu independentistak mugimendu horren baitan artikulatu beharko du, edo ez gara ezer izango.

Konfrontazio ardatzak behingoz argi azalduz inolako konplexurik gabe eta horiek azaleratu ondoren programa politiko argi bat mahairatu. Esan daiteke, espazio independentista desagertuz joango dela prozesu independentistarik ezean. Ondo dago borroka instituzionala, bozkak bere balioa dutelako, baina ez dezagun zama politiko guztia horrengan utzi, asimilatuko gaituztelako mendietako elurrak lurmendu baino lehen eta akaso gero berandu izango da.

Aspaldian irakurri nion Andolin Eguzkitza zenari arreta eman zidan esaldi bat. Erdaraz zegoen eta halaxe ipiniko dut. Honela zioen: “Los vascos nos encontramos, pero no nos buscamos”. Antigoaletik datorkigun patua izan daiteke? Batek daki, baina argi adierazten du norbanakotik gehiago duela, komunitatetik baino.

Beraz, ez dezagun “auzolanaz” hainbeste hitz egin eta lan egin dezagun apur bat gehiago batasuna lortze aldera.