Aitaren Eguna iragartzeko kartela erretiratu edo ordezkatzeko eskatu du EH Bilduk

Aitaren Eguna dela eta, Dendariak elkarteak argitaratu duen kartelaren harira, Zornotzako EH Bildu Udal Taldeak hainbat ezadostasun jakitera eman ditu. Kartela ez egokitzat jo du, aitatasuna asialdiarekin lotzen delako eta, ondorioz, irudi hori erretiratzeko edo egokiagoa den batengatik ordezkatzeko eskatu du.

“Ez zaigu ondo iruditzen aitatasunaren inguruan eman nahi den irudia”, adierazi du EH Bilduk, aitatasunak, amatasunak bezala, umearekiko arreta osoa eskatzen duela argudiatuz.

Kartel honen kasuan, aitatasuna aisialdiarekin lotzen da eta EH Bildurekin bat ez datozen balioak transmititzen ditu: “atzera pausu izugarria ematen da umearekiko ardura partekatuak aldarrikatzen diren bitartean”.

Bestalde, “kezkagarria da berdintasunaren inguruan aldarrikapenak egitea eta gero, bestetik, horrelako irudiak ikustea”, ohartarazi dute.

Egiten diren aldarrikapenak eta irudi hori kontrajarriak direla salatu du EH Bilduk: “Berdintasun sailetik arduradunek emandako erantzunak plazaratutako kezka areagotu besterik ez du egiten”.

Horrez gain, “EH Bilduk elkarlanera deitzen ditu elkarte eta alderdi politiko guztiak, horrelako gaien inguruko protokolo bat osatzeko eta horrelakorik berriz gerta ez dadin”.