Aldundiak AP-8 autopistarako lotunea eraikiko du Euban eta bizilagunak kontra agertu dira

Bizkaiko Foru Aldundiak AP-8 autopistarako lotunea eraiki nahi du N-634 errepidean, Amorebieta-Etxanoko Euba auzoan. EH Bilduk alegazioak aurkeztuko ditu proiektu horren aurrean, besteak beste, justifikazio nahikorik ez duelako eta ingurumenean izango duen eraginagatik.

Joan de uztailaren 13an, EH Bilduko ordezkariak Euban izan ginen egitasmo honi buruz eskura dugun informazioa hango bizilagunei helarazteko eta alegazioak aurkezteko epea zabalik dagoela jakinarazteko.

Batzar informatibora 30 bat auzokide hurbildu ziren eta proiektu horren kontra daudela egiaztatu genuen. Halaber, erakundeen partetik informaziorik jasotzen ez dutela kritikatu zuten eta Euban aurreikusita dauden obra handien ondorioz auzoa bizitzeko toki desatsegina bilakatzeko arriskua dagoela ohartarazi zuten.

Testuinguru honetan, Zornotzako EH Bilduk ondoko bi neurriak hartzea erabaki du:

1- Alde batetik, AP-8 autopistarako lotunea Euban eraikitzeko Bizkaiko Foru Aldundiak aurkeztutako proiektuari alegazioak aurkeztuko dizkiogu, besteak beste, justifikazio nahikorik ez duelako, eremu txiki batean azpiegitura gehiegi pilatzen direlako (N-634, AP-8, trenbidea eta AHT) eta ingurumenean izango duen eraginagatik.

2- Eta bestetik, Amorebieta-Etxanoko Udal Gobernuari galdegin diogu Bizkaiko Foru Aldundiari eskatu diezaiola teknikari bat bidal dezala Eubara bizilagunei egitasmoaren xehetasunak azaltzeko eta haien zalantzak argitzeko.

Bide batez, salatu nahi dugu alegazioak aurkezteko epea uztailean eta abuztuan ezarri izana. Uda, jende asko oporretan dagoela, ez da garairik onena udalerri batentzat estrategikoa den proiektu baten inguruko alegazioak aurkezteko.

Tamaina honetako egitasmo batek herritarren eta eragileen parte-hartzea eskatzen du eta horrelako datak ezarrita parte-hartzea ez dago bermatuta.