Ama izateagatik Zornotzako enpresa batek emakume bat kaleratu nahi duela salatu dute | Euskal Herria Bildu Zornotza

Ama izateagatik Zornotzako enpresa batek emakume bat kaleratu nahi duela salatu dute

Zornotzako Talde Feministak salatu duenez, herriko enpresa batek behargin bat kaleratu nahi du ama izan delako. Langileari elkartasun eta babes osoa adierazteaz gain, azpimarratu dute ez dutela «inolako diskriminaziorik onartuko». Jazotakoa salatzeko elkarretaratze bana egingo dute apirilean LAB sindikatuak eta Talde Feministak, Bilbon eta Zornotzan.

 

 

 

Ohar baten bitartez, Zornotzako enpresa batean eman den gertakari «tamalgarri» baten berri eman du Talde Feministak. Izan ere, ama izan den langile bat kaleratu nahi du herriko enpresa batek. Emakume izateagatik «diskriminatua eta baztertua» izan dela gogor salatu dute.

«Emakumeok ama ez izateko aukera dugun bezala, ama izateko aukera ere baduug, eta askatasun osoa dugu erabaki bat edo beste hartzeko», nabarmendu dute eta, horregatik, Talde Feministak argi utzi nahi izan du ez duela «inolako diskriminazio edo erasorik onartuko». «Ama izateak ez gaitu bizitza prekario batean kokatu behar. Ama izateagatik ez ditugu pertsona eta langile bezala dagozkigun eskubideak galtzen», adierazi dute.

Gertatutakoa kasu isolatu bat ez dela ere azaldu dute: «Hau guztia sistematikoki zapaltzen gaituen sistema kapitalista eta patriarkalaren beste adibide bat baino ez da».

Hori dela eta, elkartasun eta babes osoa adierazi diote emakumeari eta herritar zein eragile orori ere salaketa honekin bat egiteko deia egin diote.

Elkartasuna adierazteko bi elkarretaratze deitu dituzte:

– Apirilaren 10ean, 9.30ean, Bilboko epaitegiaren atarian (Barroeta Aldamar, 10), LAB sindikatuak deituta.

– Apirilaren 14an, 12.00etan, Zornotzako Udaletxe plazan, Talde Feministak deituta.