Amaia Sarrionandia: “Preso gaixoak kalean ikusten ditudan egunean, orduan pentsatuko dut etorkizuna positiboa izan daitekeela”

Amaia Sarrionandia zornotzarra Sebas Lasa presoaren bikotea da eta hiru urteko semea dute: Amets. Dispertsioaren ondorioz, azken 20 urteotan ia hamabostean behin izan da errepidean Amaia, eta bi istripu izan ditu kartzelara bidean. Urte hauetan elkarrekin egin duten ibilbidea ez da batere samurra izan. Espetxe aldaketarekin borroka berri bat, paketea sartzeko, bisita egiteko…

1.- 20 urte pasa dira Sebas atxilotu eta espetxeratu zutela, eta beste horrenbeste zuen harremanari hasiera eman zeniotela. Estatuaren logikari begiratuta dispertsioak, besteak beste, preso politikoek propio dituzten jarrerak desaktibatzeko eta “etorkizunean” haiek birgizarteratzeko helburua omen du. Dispertsioak, logika horren helburuak bete dituela esango zenuke?

Nire iritziz, argi dago ez direla helburuak bete. Dispertsioa kolektiboa apurtzeko sortu zen eta ez dute lortu. Nahiz eta kolektiboak gora beherak izan, edozein mugimenduk bezala, ez da apurtzea lortu.

Bestalde, birgizarteratzea esaten denean, nire ustez, preso politikoek ez dute horren beharrik, gizarteratuta daude, gizartea gertu daukate eta.

2.- Azken urteotan EPPKak, euskal gizarteak eta eragile ezberdinek egindako ahaleginek, non kokatzen dute presoen afera?

Nire uste pertsonalean, presoen afera ahaztuta egon da eta gaur egun, gaiari heltzeko saiakerak egiten ari dira eta espero dut onerako izatea.

Horrez gain, kolektiboa bera guztiz kontuan hartu barik zenbait erabaki hartu direla uste dut, eta horrek,maila pertsonalean, senide eta militante garen heinean, min handia ematen du. Esaterako, preso gaixoen kontua, konponbide baten alde hartutako erabakiek ez dituzte gutxiengo baldintzak ziurtatu.

3.- Gurasotasuna albiste ederra izanik bestelako ardurak eta beldurrak eragiten ditu, are gehiago zuen egoeran. Nola eragin dizue bada, Ametsen jaiotzak eta azken urteetan berarekin egindako bizi ibilbideak?

Polita da, baina beldurra ere badago. Amatasuna egoera honetan ondo hartutako erabakia da, ume horren bizitzaz eta etorkizunaz asko hausnartzen da, eta aurreprestakuntza bat dago.

Behin umea jaiotakoan, guztia aldatzen da. Bisitetara joaterakoan adibidez, gidatzeko modua ere aldatu egiten da, nire ustez. Ez zoaz bakarrik, umea eramaten duzu atzean.

Baita barrukoarentzat ere, lehen bidaiarengatik kezkatuta bazegoen, orain are gehiago, seme alaba ere bidean dagoelako.

4.- Dispertsio politikak eragin dizuen egoera zein den kontutan hartuta, Ametsen emozioak, beldurrak edo haserreak inguruan dituen beste umeek dituztenekin alderatu daitezke? Eta beste gurasoek eta umeek (eskolan, kalean, familian…) Ametsekiko duten jarrera?

Nik maila horretan ez dut desberdintasunik ikusi, eta beti nahi izan dut hori. Aita kartzelan egoteagatik, desberdina ez izatea. Eta nire ustez lortu dugu, bai familiak, bai ikastolak, baita inguruak ere. Bat gehiago da.

Are gehiago, Sebas ez da aipatzen, behar ez denean, beste baten aita aipatzen ez den bezala. Normaltasunez eramaten da. Egia da baina, Ametsek orain 3 urterekin izan du beharrizana adierazteko aita ere baduela, nahiz eta urruti egon.

5.- “Motxiladun umeak” dituzten beste gurasoekin harremanak dituzue? Kasuistika berdina izanik, egoerak, umeen jarrerak edota ingurukoenak berdinak dira?

Nire ustez, denek dituzte antzeko kezkak, zer den kartzela, zergatik dagoen aita han, noiz etorriko den,…

Ume guztien motxila antzekoa dela esango nuke, baina egia da espetxeak berak ere markatzen duela, bidaiak bakarrik egitea edo kolektiboan egitea, beste ume batzuk doazenean, ez da gauza bera.

6.- Amatasuna, lana, harremanak… Amaiaren bizitzak zer du gozoz eta zer gaziz?

Nik nire atxiloketarekin lotuko nuke hau, klik bat bezalakoa izan zen. Izan ere, nire ustez, herri honen borrokak edota egoerak gauza asko kendu dizkit eta kenduko dizkit, baina nire esku dauden zenbait gauza ez dizkiot utziko kentzen: 20 urte hauetan ezagututako jendea, egindako harreman estuak, guzti horrek ematen dizun gozotasuna, eta abar.

Gazi gozoa da. Dena da gazia, ezagututako jendea bidean gelditu da, bidaiak, jazarpena, jarraipena, baina gozoa ere bada, umea, lagunak, elkartasuna…Hau guztia txarra balitz ez ginateke 20 urtez horrela egongo, kartzelan dagoena ere gozoa baita norberarentzat.

7.- Dispertsio politikaren ondorioz bi auto istripu izan dituzu. Beste senideren bat ere zurekin zen? Zein puntura arte ekidin daitezke horrelako ezbeharrak?

Lehenengoa hasieran izan zen, Sebas Albaceten zegoen eta Arrigorriagan izan zen, eta ahizpa eta koinatuarekin nindoan. Gainera, Ertzaina etortzerakoan laugarren baten bila hasi ziren eta egoera oso desatsegina izan zen. Bigarrena, furgonetan izan zen, eta senide askorekin nindoan. Gidarari esker bizirik atera ginen, basurdeak ez bezala.

Kolektiboan bidaiatzea da ekiditeko modua, eta jendea ez da horretaz ohartzen. Askotan espetxe berean kotxe asko pilatzen dira, Euskal Herritik joandakoak, eta jendea ez da ohartzen elkarrekin joanda, istripuak izateko aukera gutxitu ahal dela.

8.- Azken urte luze hauetan preso politikoen senideekin mintzatzerakoan, Mirentxinen lana goraipatu eta ordainezina dela adierazi dute…

Bai, behar den lekuetara joateko prest daude beti, nik txapela jarriko nieke. Jende izugarria da eta asko aguantatzen dute, bidaiak eurentzako ere gogorrak dira eta.

9.- Antonio Gramscik zioen “arrazoiaren ezkortasunarekin pentsatu eta borondatearen baikortasunarekin jokatu” behar dela. Etorkizuna era positiboan ikusteko motiboak daudela esango zenuke? Eta Sebasen egoera konkretuari begira?

Preso gaixoak kalean ikusten ditudan egunean, orduan pentsatuko dut etorkizuna positiboa izan daitekeela. Non daude pausuak? Noraino izan behar da alde bakarreko prozesua? Badira zenbait urte borroka armatu gabe, eta nire ustez ez dugu ezer lortu. Badaude 40 urteko kondena duten presoak, baita 70 urtetik gorak presoak ere.

Sebasen egoera konkretuari begira, etorkizuna positiboagoa da. Arlo pertsonalean ona, baina gazi gozoetako bat da. Gozoa da Sebas laster kalean egongo delako, baina beste buruko min batzuk sortuko dira. Gainera, gozotasun hori adieraztean mugatuta sentitzen zara, ingurukoek momentuz ez dutelako hori biziko, beste batzuk kartzelan jarraitzen dutelako.

10.- Urtarrilaren 13ko ekimena… beste ekimen bat edo zerbait garrantzitsuagoaren abiapuntutzat ikusten duzu?

Zifra dantza bat dela uste dut, izan ere, orain hiru urte itzela izan zen, jendetsuenetarikoa, baina ez da aldaketarik egon. Horrek ez du esan nahi egin behar ez denik, eta jendea joan behar ez denik. Beharrezkoa da kalera ateratzea, baina nire ustez urtarrilekoa ez da kapitalizatzen.