Amaia Sarrionandia zornotzarrak istripua izan du Huelvako espetxetik bueltan

etxerat-istripua

Istripuak salatzeko senideen agerraldia. Argazkia: Etxerat

Ezbeharra Gasteiz-Burgos errepidean gertatu zen. Sei senide eta bi gidari boluntario zihoazen furgonetak basurde talde bat jo zuen. Ordurako 1750 kilometro eta 27 orduko ibilbidea eginda zeramatzan furgonetak. Zornotzako EH Bilduk sakabanaketa-politika amaitzea exijitu du.

 

Joan den azaroaren 19an Huelvako espetxean bisita egitetik etxera bidean zetorren furgoneta batek istripua izan zuen, Burgos-Gasteiz errepidean, 21:30ak aldera. Furgonetak errepidea zeharkatu zuen basurde  talde bat jo zuen. Ibilgailu barruan sei senide, tartean Amaia Sarrionandia zornotzarra, eta bi gidari boluntario zihoazen.

Jarraian beste istripu bat izan zen, furgonetaren atzetik zetorren autoak ere animali talde berdina jota. Kasualitatez, auto horretan zihoan laguna ere preso baten senidea zen. Kasu honetan, Mansillako (Leon) kartzelatik zetorren bueltan.

Furgonetaren kasuan, 1750 kilometro eta 27 orduko ibilbidea eginda zeramatzan; kotxearen kasuan, 1000 kilometro inguru. Talkaren ondorioz, bederatzi pertsona hauek larrialdietan artatuak izan ziren; horietatik seik, lepokoa daramate, eta medikuaren aginduz atsedena behar dute.

Horrez gain, Guardia Zibilaren beldurtzeko jarrerari aurre egin behar izan zioten, zeinak azkenean, pertsona bati 100 euroko isuna jartzeko modua topatu zuen.

Bi ibilgailuek ezin izan zuten bidaiarekin jarraitu; kotxeak erabateko hondamena jasan zuen.

Amorebieta-Etxanoko EH Bilduren adierazpena, osoko bilkuran:

Amorebieta-Etxanoko EH Bilduk bere elkartasun mezua helarazi nahi die dispertsio politikaren erruz, joan den larunbatean izandako istripuan zauritu ziren diren euskal preso politikoen zazpi senide eta gidariei, tartean zornotzar bat.

Sakabanaketaren politika krudel honi amaiera emateko ordua iritsi da, baina horretarako denok aurrera-pausuak eman behar ditugu.

Horrenbestez, dei egiten diegu zornotzar guztiei, euskal preso politikoen eta euren senideen eskubideen alde, datozen egunetan egingo diren elkarretaratzeetan parte har dezaten.