Amorebieta-Etxanoko Udala eta ingurumen kontuekiko utzikeria

zentral-termikoa

Boroako industria-gunea, zentral termikoa.

Amorebieta-Etxano da aire kalitaterik okerrena duen Euskal Herriko herria. Hala dio Ekologistak Martxan erakundeak 2015ean bildutako informazioarekin egindako ikerketak. 

Azterketa egiteko neurgailu ofizialen datuak erabili dituzte, eta suspentsio partikulak, nitrogeno dioxidoa, sufre dioxidoa eta ozono troposferikoa izan dira kontuan hartutako kutsagaiak.

Anboto astekariak azaldu duenez, Durangaldean, Durango eta Amorebieta-Etxanoko estazioetan, suspentsio partikulen datuek Munduko Osasun Erakundeak (MOE) ezarritako muga pasa zuten: aire kutsatuaren maila 41 bider gainditu zen iaz. Suspentsioko partikulen arloan, Euskal Herriko daturik txarrenak dira Durangaldekoak, Amorebieta-Etxanokoak batez ere.

Zelaieta parkeko estazioan urteko 12 egunetan gainditu zen partikula handienen (PMıo) muga balioa –50 mikrogramo metro kubikoko–, eta 9 egunetan partikula txikienen (PM2,5) langa, 25 mikrogramo kubikokoa. Durangon, 7 eta 13 egunetan gainditu ziren mailak, hurrenez hurren.

MOEren gomendioak dio, 3 egunetik gorako datua ez dela onargarria.  Zumarragan, esaterako, gehiagotan gainditu ziren mugak, 16 eta 22 egunetan, baina urte osoko datuen bataz bestekoa eginda, Amorebieta-Etxanokoak dira daturik okerrenak.

Zaborrrak

2015an, Amorebieta-Etxanon gaikako bilketa % 16koa izan  zen. Kontuan izanik 2005ean % 17koa zela,  azken 10 urtetan puntu bat  atzera egin dugu.

Bizkaiko  Foru Aldundiaren webgunean eskuragarri dauden datuen arabera, Bizkaian berzikpalen tasa bataz beste % 19an dago. Inork ezin du ukatu gure  datuak, Bizkaiko baztaz bestekotik 3 puntu beherago,  oso  kezkagarriak direla eta argi erakusten dute herritarren artean kontzientziazio lan handia dagoela  egiteko. Azken hiru urteotan, kontainer  organikoaren kanpainaz gain, ez da kanpainarik egin gaikako bilketa sustatzeko.

Alkateen ituna

2013ko  azaroaren  29ko  Osoko Bilkuran EH Bilduk Alkateen Atxikimenduari buruzko mozio bat aurkeztu  zuen, eta batzarrean aho batez onartu ziren klima aldaketaren aurka lan egiteko hainbat konpromiso.

Amorebieta-Etxanoko Udalak, baina, ez  du konpromiso hauetako bat ere bete. Eta Batzordeko presidenteak azken bileretan gai honi behingoz heltzeko konpromisoa  azaldu badu ere,  ziur gaude beste behin ere ezer ezean geldituko dela, Udalak  gaur egun dituen bitartekoekin ezinezkoa delako ekimenik aurrera eramatea.

Udalsarea 21

Zerbitzu eta Ingurumeneko azken batzordean Udalsarea 21 (Jasangarritasunerako Udalerrien Euskal Sarea) konpromisoa berresteko akordioa onartu zen. Akordio honek Udalari betebehar batzuk ezartzen dizkio, baina gaur egun ez dago  mediorik horri erantzuteko; izan ere,  IHOBEtik (Udalsarea 21 koordinatzen duen erakundea) jakin dugu Amorebieta-Etxaonoko Udalarengandik inplikazio falta sumatzen dutela, gai konkretu  batzuetan salbu.

Argi dago  2013ko irailean Ingurumen teknikariaren  lanpostua hutsik  gelditu  zenetik, ezer gutxi egin dela  arlo honetan.

Horregatik,  joan den uztaileko Osoko Bilkuran EH Bilduk Ingurumen teknikariaren postua betetzeko prozedura abiatzea exigitu zuen, eta horretarako eragozpen administratiborik  egonez gero, lan hori beteko duen Ingurumen aholkularitza zerbitzua kontratatzea.

Osoko Bilkura hartan EH Bilduk egindako “larrialdi dei” horren ondoren,  Udalak Tokiko Agenda 21a koorditatzeko asistentzia bat kontratatu  berri duela jakinarazi digute. Ospatzeko moduko  berria; izan ere, aurki gaikako bilketa sustatzeko kanpaina bat abiatuko baitu udalak, eta mugikortasun jasangarriaren astea antolatuko du iraila  bukaerarako. Ematen du azken urteotan  izan den  utzikeriari behingoz buelta emango zaiola.