Amorebieta-Etxanoko denda txikiak babesteko eta tokiko merkataritza suspertzeko proposamena

Herriko merkataritzaren egoera larria da. Saltoki handiak jendez gainezka dauden bitartean eta salerosketa elektronikoa goraka doan heinean, herrietako dendak ixten ari dira. EH Bilduk egoera horri buelta eman nahi dio eta, orain arte bezala, aurrerantzean ere tokiko dendariak babesten jarraituko dugu. Zergatik?

Merkatari txikien sektorea tokiko ekonomiarentzat funtsezkoa delako eta lanpostuak sortzen laguntzen duelako. Eta saltoki handiek ez bezala, denda txikiek gizarteari balio erantsia ematen diotelako: kontsumitzaileari konfiantzazko tratua eskaintzen diote; herriari bizitasuna ematen diote; ongizatea bermatzen laguntzen dute; eta herritarren arteko harremanak sendotzeko balio dute.

Hori dela eta, EH Bilduk tokiko merkataritza suspertzeko eta herrietako denda txikiak babesteko neurri zehatzak biltzen dituen plana prestatu du. Plan hori Legebiltzarrean aurkeztu genuen eta ehbildu.eus atarian duzue eskuragarri. Neurri horietako asko aurrera eramatea Eusko Jaurlaritzaren esku dago, baina udaletatik ere gauza asko egin daitezke. Hauxe da Amorebieta-Etxanon egingo duguna:

– Herritarrok merkataritza tradizionalarekiko atxikimendua berreskuratu behar dugu. Horretarako, udalak, merkatari elkarteekin batera, kontzientziazio kanpaina berriak abiaraziko ditu.

– Merkataritza txikiaren onuren jabe eta lekuko egingo ditugu herritarrak: hurbileko tratua, kalitatezko produktuak, konfiantza, auto pribatuaren erabileraren murrizketa… Kontsumo eredu jasangarri eta arduratsua sustatuko dugu gure herritarren artean.

Merkataritza txikia bultzatuko dugu: denda txikien mapa eginez, Interneteko agertoki komun bat sortuz…

– Periferiatan saltoki gune handiak eraikitzeari mugak jarriko dizkiogu, horretarako erabili daitezkeen mekanismo urbanistikoak baliatuz.

– Udaletik Merkatarientzako Trebakuntza Programa Integrala landuko dugu: salmenta teknika berriak, online merkatua, komertzio txikiarentzako finantzak, stock-en kudeaketa… Programa horrek bilduko dituen edukiak herriko merkatariekin adostuko dira, haien beharrizanei erantzungo dietela bermatzeko.

Hau guztia oinarri hartuta, Merkataritza Txikia Suspertzeko Plan Estrategikoa garatuko dugu, Amorebieta-Etxanoko herritarrekin eta merkatariekin elkarlanean.

Zornotzarren kontsumo eredua eta komertzioen egoera zehatza zein den ezagutzeko diagnostiko bat egingo dugu, dendaz dena.

Horren ondotik, ekintza plan bat definituko dugu, merkataritza txikia suspertzeko 10 urteko epean jorratu beharreko lan-ildoak diseinatuz.