Amorebieta-Etxanon baheketa masiboa egin dezala eskatzen diogu Osasun Sailari

Koronabirusak eragindako kutsatzeen gorakadaren ondorioz, Amorebieta-Etxano eremu gorrian dago. Eusko Jaurlaritzak herria perimetralki konfinatu du eta ostalaritza itxi du. Baina neurri murriztaileez gain, bestelako neurriak ere hartu behar dira, eta proba masiboak egiteak egoera hobetzen lagun dezakeela konbentzituta gaude.

Covid-19agatik antzemandako kasu positiboen goraka nabarmenaren ondorioz, Amorebieta-Etxanok hainbat egun daramatza pandemiagatik eremu gorrian eta, ondorioz, herritarren artean kezka handitu egin da.

Hau horrela izanik,  premiaz ekiteko eta premiazko neurriak hartzeko unea dela uste dugu. Eusko Jaurlaritzak neurri bereziak ezarri ditu gune gorrian dauden udalerrietan: konfinamendu perimetrala eta ostalaritzaren itxiera.

Baina neurri murriztaileez gain, bestelako neurriak ere hartu daitezke eta hartu behar dira. Horrela, bada, Osasun Sailak eremu gorrian dauden udalerrietan, tartean Amorebieta-Etxanon, PCR proba masiboak egin ditzala exigitu diezaiola eskatzen diogu Udal Gobernuari.

Amorebieta-Etxanoko Udala ezin da besoak gurutzatuta egon goragoko instantziaren batek neurriak noiz hartuko zain. Datuak benetan kezkagarriak dira. Kutsatzeen gorakada ahalik eta azkarren gelditu beharra dago eta ostalariek bizi duten egoera injustuari irtenbide bat eman behar zaio. Eta baheketa masibo bat egiteak horretan lagun dezakeela konbentzituta gaude.

Erantzukizuna guztiona da, eta horrelako larrialdi baten aurrean Udalak parte aktiboa izan behar duela uste dugu. Gure inguruko udalerri askotan antzeko egoeran daude (Bermeon, Durangon, Gernikan, Ermuan… ) eta Osakidetzak test masiboak egin ditu. Amorebieta-Etxanon zergatik ez?

Egoera larrian gaude eta ezin dugu denborarik galdu. Arduraz, azkar eta irmotasunez jardun behar dugu, helburu bakar batekin: Amorebieta-Etxanoko herritarren osasuna zaintzea eta pertsona ahulenak babestea.