Amorebieta-Etxanon EH Bilduk goraka jarraitzen du, baina ez da nahikoa izan Udal Gobernuan aldaketa emateko

EH Bilduk emaitza oso onak izan ditu Amorebieta-Etxanon eta goraka goazela baieztatu da. 2015ko udal-hauteskundeetan 2.879 boto eskuratu genituen eta 2019ko maiatzaren 26ko udal-hauteskundeetan 3.216 lortu ditugu. Hauteskunde orokorretako datuekin alderatuz gero ere, gora egin dugu: apirilaren 28an 2.574 boto bildu baikenituen.

Tamalez, boto kopuruaren gorakadak ez du zinegotzi kopurua haztea ekarri eta, ondorioz, ez dugu gure helburu nagusia bete: Amorebieta-Etxanoko Udal Gobernuan aldaketa ematea. Datorren legealdian sei hautetsi izango ditugu; EAJk bederatzi; eta PSE-EEk eta Elkarrekin Podemosek bana. Horrenbestez, Amorebieta-Etxanon ez da gobernu progresistarik izango.

Hauteskundeen biharamunean zaporea gazi-gozoa bada ere, EH Bilduko kideok kanpainan behin eta berriz esan duguna berretsi nahi dugu: indartsu eta gogotsu gaude, talde bikaina osatu dugu eta herritarren beharrizanak eta interesak defendatuko ditugu. Halaber, Amorebieta-Etxanoko gizarte mugimenduekin eta elkarteekin elkarlanean aritzeko konpromisoari eusten diogu.

Eta ez izan zalantzarik, oposizioan ere, irmotasunez eta arduraz arituko gara lanean, eta Udal Gobernuari kontrol zorrotza egingo diogu egunerokoan, interes ekonomiko eta alderdikoien gainetik herritarrak lehenetsi ditzan.

Amaitzeko, gure esker ona adierazi nahi dizuegu kanpainan lagundu gaituzuen guztioi, hauteskunde egunetan EH Bilduren ahaldun izan zaretenoi, gure ekimenetara etorri zaretenoi eta, zelan ez, boto bidez zuen konfiantza erakutsi diguzuen denoi. Itzela izan da eman diguzuen babesa!

Amorebieta-Etxanon herritarrekin eta herritarrentzat gobernatu nahi genuen. Ez dugu lortu, baina 3.216 arrazoi ditugu lanean pozik eta gogotsu jarraitzeko. Goraka goaz eta lanari ekinez hurrengoan gehiago izango gara! Animo eta aurrera!

Gora Euskal Herria Bildu!