Amorebieta-Etxanoren erronkak beteko ez dituen aurrekontua onartu dute EAJk eta PSEk | Euskal Herria Bildu Zornotza

Amorebieta-Etxanoren erronkak beteko ez dituen aurrekontua onartu dute EAJk eta PSEk

Amorebieta-Etxanoko 2018ko udal-aurrekontuak bozkatzeko saioa izan da ostiral honetan udaletxean. EH Bilduk ondoko eskaera egin du: hautazko postuen, liberatuen eta zinegotzien soldatak eta dietak % 20 murriztea, Ongizate eta Berdintasun Sailera diru gehiago bideratzeko. EAJk eta PSEk atzera bota dute gure proposamena.

Gaur, azaroak 24, aurrekontuak bozkatu ditugu. Ez dira gure aurrekontuak, ez dituzte herri honek dituen erronkei erantzunik ematen.

Hautazko postuen, liberatuen eta udal-ordezkarion soldata eta dieten %20ko murrizketa eskatu dugu, Ongizate eta Berdintasun Sailetara baliabide gehiago bideratzeko, eta ezetz esan digute.

Alde batetik, San Miguel Kaleko herri-lanen eta musikaeskolaren beharrizana ukatzen ez ditugun arren, diru larregi bideratzen da eta baliabide xumeagoekin beharrizan hauek estali daitezke eta beste beharrizan batzuk estaltzeko erabili zitekeen.

Bestetik, Urgozo kiroldegiari dagokionez, ez dago herriaren beharrizanen azterketarik atzetik, txiki geratuko ote denaren inguruko kezkak areagotuz.

Horrenbestez, ezezko borobila eman diogu EAJren eta PSEren aurrekontuari.

Herritarren parte-hartzea 2019ko aurrekontuan

Bestalde, berri gazi-gozo bat jaso dugu. Gozoa 2019ko aurrekontuak partehartzaileak izango direla adierazi du EAJk, pozgarria da eta urte askotan EH Bilduren aldarrikapena izan da bai Amorebieta-Etxanon eta baita Euskal Herri osoan barrena.

Baina gazia eta garratza iruditu zaigu honen atzetik dagoen oportunismo argia. 2019koak izango dira udal-talde honen azken aurrekontuak eta udal-hauteskundeei begira mugimendu elektoralista hutsa dela deritzogu, batez ere duela 6 urte partehartzea “utopia” bat dela esan zitzaigunean osoko bilkura batean (akta irakurtzearekin nahikoa). Zergatik ez zuen EAJk lehenago hori martxan jarri?

Nola landuko ditu aurrekontu hauek? Beste enpresa bat azpikontratatuz? Nortzuk? Ze filiazio mota izango dute? Herri aurrekontu partehartzaileak egiteko, udal teknikari eta politikoak murgildu behar dira horretan, eta ez horren trukean kobratuko duena, herriak ez duelako preziorik.