Anbulatorio berria: 9 urteko atzerapenarekin eta Osakidetzari 2 milioi euroko eraikin bat egitearen truke

p1000282Iraila hasieran, hauteskundeen testuinguruan, ireki zuten Amorebieta-Etxanoko Osasun Zentro berria, eta EAJ harro agertu zen zornotzarren aurrean: “Esaten duguna egiten dugu”. Baina egiten duten guztia ez dute esaten eta zornotzarrek anbulatorio berriaren proiektuaren xehetasunak ezagutu behar dituzte.

 

 

 

EAJk 2007ko udal hauteskundeetan, duela bederatzi urte, aipatu zuen lehen aldiz Amorebieta-Etxanon Osasun Zentro berri bat izango genuela. Baina Osakidetzak ez ditu anbulatorioak musu-truk egiten, eta baldintza bat jarri zuen: Udalak barne-eskualdeko bulegoak eraiki behar zizkion Osakidetzari.

2011-2015 agintaldian, David Latxaga garai hartako alkateak (egun EAJren zortzigarren hautagaia, Bizkaian) Osakidetzaren baldintzak onartu eta Osasun Zentro berria eraikitzeko ituna sinatu zuen. EH Bildu hitzarmen horren kontra azaldu zen. Zergatik?

– Anbulatorioa eraikitzeko data finkorik zehazten ez zelako.

– Osasun Zentro berriak eskainiko zituen zerbitzuak zeintzuk izango ziren zehazten ez zelako.

– Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailaren baieztapena izan gabe eraiki zituelako Udalak Osakidetzarentzat izango ziren Arreibiko bulegoak. Bi milioi euro gastatu zituen.

– Itunak ez zuen Osakidetza zigortzeko klausularik aurreikusten, baldin eta ez bazuen esandakoa betetzen. Hau da, Udalak bi milioi euro erabili zituen Arreibiko eraikina egiteko, baina oraindik anbulatorioaren obrak hasi gabe zeuden. Gerta zitekeen Osakidetzak azken unean atzera egitea eta anbulatoriorik ez izatea.

“Osakidetzak ez badu anbulatorioa egiten, guk ez diegu bulegoetarako eraikina emango”, esan ziguten EAJtik orduan. EH Bildutik erantzun genien, hala gertatuz gero, zornotzarrak aterako zirela galtzaile: beste beharrizan batzuetan erabili zitezkeen bi milioi euroak alferrik gastatuta eta anbulatorio berririk gabe.

“Negoziaketa guztiak alkateak eramaten ditu eta ez beste inork”, esanez eman zuen eztabaida amaitutzat EAJk, bere benetako jarrera zein den agerian utziz.

Eta zein da egungo egoera?

Bada, Amorebieta-Etxanoko Osasun Zentro berria martxan dago 2016ko irailaren 5etik. Baina anbulatorioa egiteko baldintza moduan jarritako Arreibiko bulegoei uko egin die orain Osakidetzak eta, ondorioz, Udala bi milioi euroko eraikin batekin geratzen da. Osakidetzak ez du kontratua bete, baina ez du zigorrik jasoko, bere momentuan EAJk ez zuelako aukera hori hitzarmenean jaso.

Gauzak horrela, Amorebieta-Etxanoko Udalak Arreibiko eraikina saldu nahi du. EH Bildu salmenta horren kontra dago. Zergatik? Behin eginda, herriak beharko lituzkeen beste erabilera batzuk izan ditzakeelako. EH Bilduk enpresa haztegi bat jartzea proposatu du, auto-enplegua bultzatzeko asmoz.

Anbulatorio berria dugu, handia eta polita. Baina zeintzuk dira eskaintzen dituen zerbitzu berriak? Errehabilitazioa eta urgentziazko pediatria dira zerbitzu gehigarriak. Horrenbestez, hemendik aurrera ere hainbat espezialitate-zerbitzu (traumatologia edo psikiatria kasu) Amorebieta-Etxanotik 10 km-tara izango ditugu. Hau da, orain arte bezala, Durangoko Osasun Zentrora edo Usansoloko ospitalera joaten jarraitu beharko dugu zornotzarrok.

Azkenean, EAJren planteamendua zein den baieztatzen du honek guztiak: adreilua, adreilua eta adreilua. Lehenengo eraiki eta gero ikusiko dugu zertarako erabiltzen dugun.

Duela bederatzi urte promestu zuten proiektua gauzatu dela eta, harro agertzen dira, baina Osasun Zentro berriaren kudeaketa deitoragarria izan da eta herritarrei egindako akats larriak ezkutatu dizkiete. Lotsagarria da EAJren jarrera. Umiltasunez gaizki egindako aitortu beharrean, handikeriatan ari dira.

Enpresa pribatu batek zuzendari batek bi milioi euro alferrik galduko balitu, badakigu nora joango litzatekeen. Diru publikotik bi milioi euro alferrik galtzen dituen EAJko kargua, berriz, saritu eta Legebiltzarrera eramaten dute.

Osasun Zentro berria dugu? Bai. Baina adarrik jo gabe, mesedez!