“Anbulatorio berriak zerbitzu gehiago eskaini ezean, lekualdatze soila izango da”

_DSC0003Azken hilabeteetan, anbulatorio berriaren eraikuntza lanek aurrera egiten dutela ikusi dugu. Zornotzako herritarrok luzaroan espero izan dugun zerbitzua da, izan ere, badira bederatzi urte EAJk proiektu honen berri eman zuela.

Osasun arloko zenbait adituren iritzi eta usteak bildu ditugu hemen, Zornotzako anbulatorio berriak izango dituen zerbitzuen inguruko aurreikuspenak, Osakidetzaren eredua, eta abar jorratzeko.

Horretarako, Latxe Uranga erizaina eta LAB sindikatuko delegatua, Irati Aiesta osasun mentaleko erizaina eta Marian intxausti Zornotzako anbulatorioko langile ohia elkartu ditugu, aurrerantzean, zornotzarrok izango ditugun osasun zerbitzuen gainean hitz egiteko.

– Bederatzi urte igaro dira, EAJk anbulatorio berria martxan jarriko zela iragarri zuenetik. Hala ere, lanak aurten hasi dira, nola aurreikusten duzue anbulatorio berria?

MARIAN: Orain artekoa bezalakoa izango dela uste dut, osasun arretari dagokionez. Hala ere, orain arte izan ez dugun zerbitzu berriren bat gehitzea espero dut, esaterako, errehabilitazio lan talde bat; izan ere, gaur egun zerbitzu hori beharrezkoa da gure herrian.

IRATI: Instalazioetan hobekuntzak  eta erosotasun handiagoa emango direla aurreikusi arren, ez da arreta zerbitzuaren egokitzapen handirik egingo. Gaur egun, eskaintzen diren zerbitzuen antzerakoak eskainiko dira, baina eraikuntza berri eta modernoago baten. Honek erakusten du ez dela benetako analisi bat egin herritarron osasun beharrizanen inguruan. Sentipena dut herritarron osasunari baino, garrantzi gehiago eman zaiola eraikuntzari.

LATXE: Lekualdatze soil bat izango delakoan nago, orain arteko zerbitzuak mantenduz, zaharra aspaldi txiki geratu zen. Esperientziak horrela erakutsi digulako, orain kezka hurrengoa da: beharrizanei erantzungo dion edota  urte gutxiren buruan berriz ere txiki gera daitekeen eraikina izatea. Proiektuak planifikatzerakoan, langileen  parte hartzearekin osatu den kasurik ez dut bat bera ere ezagutu.  Langileok ezagutzen ditugu hobekien egunerokotasunean dauden beharrizanak, baita etorkizunera begirako antolatze eredu berriak ekar ditzakeenak ere.

anbulatorioa-infografia– EAJk adierazi zuenez, hurrengo zerbitzuak eskainiko ditu: oinarrizko arretako 14 kontsulta, pediatriako bi kontsulta eta erizaintzako beste bi. Baita ginekologia, emagin eta erditzeko prestakuntza gimnasioa ere. Zerbitzu hauek zornotzarren betebeharrak beteko dituzte?

MARIAN: Nire ustez, gaur egun ditugun zerbitzuetan dagoen arreta egokia da, baina baliteke larrialdi zerbitzuak hobekuntzaren bat behar izatea.

IRATI: Erizaintzako arreta eta arreta bereziko kontsultak uste dut ez direla nahikoak. Mediku eta erizainen arteko parekotasuna bilatzea oinarrizkoa da, nire ustez. Erizaintzak egiteko oso garrantzitsua du lehen arretan, edo horrela izan beharko luke,  lan baldintza eta baliabide egokiekin lan egingo bagenu. Orokorrean, gizarteak ez du ezagutzen erizainok burutzen dugun lana. Osasun heziketan funtsezkoak gara, Zornotzako herritarron osasun sustapenerako oinarri izan beharko genuke. Helburua izan beharko litzateke herritarrak bere osasunaren erantzule egiteko ezagupenak banatzea, eta norberaren osasuna hobetzeko gaitasuna areagotzea. Horretarako, bizi ohiturak hobetzeko programak eraman beharko lirateke aurrera. Osakidetzak baditu norabide horretan garatutako osasun programak, baina ez da baliabide nahikorik errazten hauek aurrera eramateko.

LATXE: Erratuta ez banago, orain arteko zerbitzu berdinak izango ditu. Nahiz eta orain artekoekin bat ez datozen (11 kupo, 3 pediatra eta 2 erizain), esaten dute kupo kopurua igoko dela, baina hori ez dago argi. Nahikoak ez direla nabaria da, familia mediku batzuekin kontsulta izateko astebeteko itxarote-zerrenda izatera iritsi gara. Erabiltzaile bakoitzeko finkatutako kontsulta denbora ez baita nahikoa kasu askotan. Bestalde,  X izpiak edo haginlariarengana joateko Durangora joaten jarraitu beharko dugu. Azken finean, osasuna, kontzeptu konplexua da, pertsonen eremu bio-psiko-sozialari dagokiona. Hortaz, osasuntsu bizitzeko, osasun arretaz haratago dauden elementu ezberdinek eragiten dute, izan sexu generoak zein ezberdintasun sozialak. Beraz,  diziplina eta erabaki politiko askoren menpe dago gure osasuna. Lehen arretak (anbulatorioak) herritarrok gure osasuna zertan datzan ezagutu eta gaixotasuna  prebenitzeko baliabideak eman behar dizkigu, batez ere.

– Duela pare bat urte ginekologia zerbitzuaren inguruan ere gora beherak egon ziren. Bermatzen al ditu Osakidetzak zerbitzuak?

MARIAN: Gaur egun zerbitzuak bermatuta daude, baina ginekologiaren kasuan, zerbitzu hori Durangori dagokio.

LATXE: Lotsagarria izan zen gertatutakoa. Osakidetzak horrelakoak aurreikusi behar ditu eta baliabideak jarri. Eta ez dezatela saldu konpondu ezinezko arazo bezala! Kontua da herritarrok pazientziadunak garela, eta ez bada inor kexatzen, ba aurrera! Eskerrak emakumeok eskarmentu handia dugun zerbitzu hauetan eman diren aldaketekin, orain planifikazioa kendu, gero kontrol arruntak, eta abar. Azkar batean mobilizatzen gara. Hala ere, gure kexak berrikusi behar ditugulakoan nago, ez horrenbeste errebisio eta kontsulta, eta gure gorputzen ezagutza maila handiagoa errebindikatuz, azken finean,  kontrola gure esku izatea.  Dauden baliabideak hezkuntzan gehiago inbertitu beharko lirateke.

– Eta langileen baldintzak zelakoak dira? Zein da osakidetzako egungo langileen egoera?

MARIAN: Esango nuke langileen baldintzak egokiak direla egun. Eskualdeko bulegoak Zornotzatik kendu zituztenetik, eraikinak bi solairu libreago ditu, eta erizaintza hobeto dago. Garrantzitsua da langile bakoitzak duen espazioa eta artatu beharreko pertsona kopurua ere, izan ere, horren araberakoa izango da bere lana. Askotan langileen lan karga altuak eragiten du beraien lana eraginkorra ez izatea, eta esaterako, heziketa edota kasuen jarraipena bermatuta ez egotea.

LATXE: Osakidetzaren lema gehiago gutxiagorekin da, beraiek horrela esanda. Uste dut orokorrean, osasun arloko langileok kontzientzia nahikoa dugula, diru publikoaz ari garela eta gastua kontrolatzearen beharraz, baina hor dago koska. Zertan aurrezten den (bajak ez dira ordezkatzen, lan orduak luzatzen dira, lan karga handiak langileak aurreztuz …) eta zertan gastatzen den (zuzendaritzen ordainsariak eta gain-sariak, erresoluzio altuko ospitalea, esaterako, Gernikako ospitalea….).

– Beste herrialde batzuetako osasun zerbitzu publikoekin alderatuz gero, nolakoa da Osakidetza? Adibidez, Kataluniako osasun zerbitzuekin konparatuta nola ikusten duzu Osakidetza?

MARIAN: Beste herrialdetako egoeran ez naiz aditua, baina uste dut Estatu mailan gainontzeko erkidegoak baino egoera hobean gaudela.

LATXE: Uste dut profesional onak daudela, hortaz, ezin gara kexatu, baina osasunean ezin dira helburu ekonomikoak izan estrategiaren gidari, esaterako, urte eta erdi egon zaitezke maskuriko interbentzio baten zain. Hala ere, kontua larriagoa da, mundu mailako arazo baten aurrean gaude. Katastrofista iruditu daiteke, baina urte asko daramatzate osasuna negozio bilakatu nahian, eta horrela erakusten dute legedian egin dituzten aldaketa guztietan. Mundua diru goseak mugiarazten du, eta irabaziak jaisten direnean merkatuaren logikan sartu behar dira elementu berriak, zerbitzu sozialak ere merkantilizatuz. Europa mailan, Ingalaterran adibidez, ezaguna da osasun zerbitzuek izandako bilakaera eta estatu espainiarrean ere, Madril, Alicante, Cataluña eta abar luzeak, gestio pribatua duten ospitale eta osasun zentroen bilakaera ezagutu dugu, osasun publikoaren desegitea helburu izan dutenak.

– Anbulatorio berria egitearen trukean, Arraibiko etxeetako bulegoak Osakidetzari eman zizkion udalak, eta bi milioi euroko gastua izan zuten. Gaur egun bulego horiek hutsik daude, eta baliteke etorkizunean ere Osakidetzak ez erabiltzea.

MARIAN: Nork jakin zer gertatuko den horrekin! Ziurrenik gauza argi eta garbirik ez.

IRATI: Nire ustez garrantzitsuena da Arraibiko eraikinarekin zer gertatuko den jakitea: noren esku dauden instalazio horiek, eta zer erabilera aurreikusten den. Gaur egun, erabilera gabeko espazio bat da eta badira herrian espazio beharrizana duten hainbat sektore, izan etxebizitza premia duten pertsonak zein beste edozein elkarte edo talde. Espazioak bizirik mantentzea da funtsa.

LATXE: Anbulatorioa txiki geratu zela aspaldi dakigu. Bulego hutsek ordea, lehenengo galderan esandako berrestera datoz. Diru publiko andana xahutzen da hutsik geratuko diren eraikinak ditugularik orain. Espero dezagun izaera publikoa duen zerbitzu bat betetzera bideratuak izatea.