Ander Uriarte, Amorebieta-Etxanoko herritar guztien alkate izateko prest

Ander Uriarte Pujanak ilusioz, gogotsu eta indartsu ekin dio Amorebieta-Etxanoko alkate izateko erronkari. Gazte-gaztetan hasi zen herri-mugimenduetan parte hartzen eta egun ere berdin segitzen du: kalean, zornotzarren ondoan, ekimenak antolatzen edo laguntza eskatzen dion orori eskua luzatzen. Beti lanean eta beti irribarre batekin. Edo berak esaten duen moduan: “beti herrigintzan”.

Kalekoa ez ezik, udaletxeko lana zer den ere badaki. Hainbat urtetan izan da zinegotzi, eta legegintzaldi honetan hirigintzako batzordean dabil lanean. Udaletxean egiten dena -eta egiten ez dena- ondo ezagutzen du, baita komunikabideetan inoiz kontatzen ez diren kontuak ere.

Hamarkada luzeetan alderdi bera izan da Amorebieta-Etxanoko alkatetzan, eta aldaketa bat ematea komenigarria, osasuntsua eta beharrezkoa da. Eta horretarako alternatiba bakarra EH Bildu da.

Ander Uriarte konbentzituta dago gauzak beste era batera egin daitezkeela eta aldaketa gauzatzea posible dela. “Askok esaten dute ez dakigula gobernatzen, baina hori gezurra da. EH Bilduk alkatetza lortu zuen hainbat herritan gobernuari eutsi dio. Horren erakusgarri dira Lemoa, Igorre, Atxondo, Zaldibar, Elorrio edo Bermeo”, azpimarratu zuen bere hautagaitza aurkezteko joan den abenduaren 1ean egin zen ekitaldian.

“Zergatik ez dugu Zornotzan alkatetza eskuratuko? Datozen udal-hauteskundeetan EH Bilduk egun dituenak baino zinegotzi bat gehiago lortuta, nahikoa izan daiteke gobernu aldaketa bat emateko”, erantsi zuen.

EH Bilduk ardura horri heltzeko egitura pest daukala eta helburu hori lortzeko bidea markatuta dagoela adierazi zuen Uriartek: “Lana, lana eta lana”.

Izan ere, hauteskundeez gain, Amorebieta-Etxanon 2019an erronka garrantzitsuei aurre egin beharko diela gogoratu zuen:  Datozen hamarkadetan zer (etxebizitzak, errepideak, industria-guneak…), non eta nola eraikiko den zehaztuko duen Hiri Antolakuntzarako Plan Orokorraren definizioa; Urgozo Kiroldegiaren proiektua; A-8 autobideko hirugarren erreia; Belatxikieta zeharkatuko duen ‘autopista elektrikoa’…