Ander Uriarte: “Herri hau beste era batera kudeatu daitekeela erakutsi nahi dugu”

Ander Uriarte zerrendakideak aurkezteko ekitaldian.

Ikasketaz fabrikazio mekanikoko goi-teknikari eta irakasle lanbidez, zinegotzi ardurari esker ondo ezagutzen du Udaleko lana Ander Uriartek. Gazte-gaztetan hasi zen Amorebieta-Etxanoko herri-mugimenduetan parte hartzen eta egun berdin segitzen du: kalean, zornotzarren ondoan, ekimenak antolatzen edo laguntza eskatzen dion orori eskua luzatzen. Beti lanean eta beti irribarre batekin. Beti herrigintzan.

– Hauteskundeak gainean ditugula kontuan hartuta, non jarri nahi du fokua Amorebieta-Etxanoko EH Bilduk?

Herritarrak dira gure helburua. Herriarentzat egin nahi dugu politika. Herritarrekin batera. Herria “polit” dagoela entzuteaz nekatuta gaude. Porlanean oinarritutako politikak azken 30 urteetan nagusi izan dira. Guk pertsonentzat egin nahi dugu politika. Arazo ugari dago eta horiek konpontzeko gure esku dagoena egiteko prest gaude. Amorebieta-Etxanoko herritar oro baldintza duinetan bizi dadin saiatuko gara. Beste era batera kudeatu daitekeela erakutsi nahi dugu.

– Zein izango litzateke bestelako kudeaketa horren ezaugarri nagusietako bat?

Parte-hartzea ezinbestekoa da guretzat. Aurrekontu parte-hartzaileetan indar handia jarriko dogu. Inbertsioen %100 parte-hartzailea izatea nahi dugu. Horrez gain, edozein herri-lan edo zerbitzu martxan jarri aurretik, haien eragina nabarituko duten auzokideekin topaketak egingo doguz.

– Eta, hizkuntzaren eremuan zer da planteatzen dena?

Euskara gutxi entzuten da herrian. Amorebieta-Etxano euskaldun batean bizi, hazi eta hezi nahi dugu. Adin txikikoen aisialdia eta kirola euskalduntzea ezinbestekoa ikusten dugu. Elkarteekin hartu-eman hurbila bilatu behar dugu, sentsibilizazioa landuz eta finduz. Elkarrekin eta elkarren artean helburuak markatu behar ditugu.

– Martxoaren 8aren harira abian jarritako dinamikak eta mugimendu feministak egin dituen beste hainbat ekimenek oihartzun handia izan dute gure herritarren artean. Hausnarketa orokorretatik haratago, zeintzuk dira emakumeei begira planteatzen dituzuen neurri zehatzak?

Politika feministak jarri nahi ditugu martxan. Emakumezkoen jarduera fisiko, kirol eta txapelketak babestu, koordinatu, sustatu eta bultzatu nahi ditugu, horretarako diru-laguntza bereziak eta espazioen kudeaketan lehentasuna eskainiz. Ezinbestekoa deritzogu jarduera fisikoa eta kirol-jarduera ezagutaraztea, emakumezkoen kirol-erreferentzia sortzea gakoetako bat da.

– Pentsiodunen mobilizazioak ere etengabeak izan dira azken urtean zehar. Zein da EH Bilduren jarrera? Zeintzuk dira proposamenak?

Pertsona nagusiak ere erdigunean jartzeko unea heldu dela. Beraientzat ere batzorde propioa bat eratzearen aldekoak gara. Era berean, pentsiodunen plataformarekin uneoro hitz egiteko prest gaude. Ditugun eskumenak kontutan izanda, egindako proposamenak bultzatzeko jarrerarekin gaude.

– Pasa gaitezen orain kontu edo proiektu zehatzetara. Zeintzuk dira, esaterako, ekonomia sustatzeko dituzuen ideiak?

Enpresen Hazitegia tresna ona da horretarako. Eraikin propioa izateaz gain, lehen urtean dohainik egongo dira han enpresak, eta bigarren urtean prezio sinboliko baten truke. Udaletxeak eraikina mantenduko du. Coworking espazio bat ere sortuko da, egoitza propiorik ez dutenek euren ekimenak aurrera eramateko gutxieneko batzuk udaletxeak jarriz.

– Eta zerbitzu publikoei dagokionean?

Ametx erakundeak beregain hartzen dituen zerbitzu edo arloak Udalak beregain hartzea. Organismo autonomoa deuseztatzea litzateke helburua. Horrez gain, Zelaietako aparkalekuari irtenbide funtzional bat ematen saiatuko gara, behingoz.

– Herrian zeresan handia eman dute hainbat lanek, esaterako San Miguel kalea berritu eta berehala berriro altxatu izanak. Lanak egiteagatik egin izan diren sentsazioa hedatu izan da sarri herritarren artean.

Proiektu Urbanistikoak logika baten barruan egikaritu behar dira. Urgozo eta Larrea polikiroldegien planteamendua hasieratik egon da gaizki burutua. San Migueleko obran miloi bat baino gehiago gastatu genuen 150 metro txukuntzeko… Guk bidea zein den argi daukagu. Erabiltzaileekin elkarlanean, azpiegiturak berrikusi eta herriaren beharrizanetara egokitu behar dira. Ez poiektuak egin eta ondoren beharrizanetara egokitu.

– Mugikortasunaren eremuan, gero eta toki gehiagotan ari dira sustatzen autoa alde batera uzteko planak. Eta Zornotzan?

EH Bildu izan zen Larrako bidegorriaren proposamena mahai gainean jarri zuena. Proiektua burutu egingo da. Aurreko legegintzaldietan egin dugun bezala, bizikleta bidezko mugikortasuna planifikatu eta garatzen jarraituko dugu.

– Maiz lehen lerroan egoten ez den arren, herri baten garapenerako ezinbestekoa da kultura. Zeintzuk dira zuen asmoak?

‘Artearen Etxea. Kulturgune Autogestionatua’ gure proiektu garrantzitsuenetako bat izango da. Gazteek berebiziko garrantzia izango dute honetan. Gune autogestionatu berria izango da. Formakuntza eta sorkuntza oinarri izateaz gain, kultura-agenda zabala eskainiko duena. Sareak sustatzeko espazio honek, ekimenen, tailerren eta coworking-aren bitartez, transformazio sozialaren erreferente izan nahi du.

– Amorebieta-Etxano herri anitza da. Horren isla dira: sexu aniztasuna, kultura aniztasuna, arraza aniztasuna, aniztasun funtzionalak, aniztasun sozio-ekonomikoa… Zein da errealitate honen aurrean EH Bilduk hartzen duen jarrera?

Jatorri eta kultura aniztasun hori kohesio-elementu bihurtzea nahi dugu, hain zuzen, elkarbizitza sustatuz. Amorebieta-Etxanoko I Emigrazio Ekintza Plana martxan jarri nahi dugu. LGTBI + komunitatearen kolektiboen errealitatea ere kontuan daukagu. Elkarbizitza eta elkartasuna ardatz izango duten ekintzak eta politikak garatu behar dira. Herriko plataformarekin harremanetan egongo gara uneoro.

– Eta hezkuntzari erreparatzen badiogu? Aniztasun hori nola islatuko litzateke hezkuntzaren eremuan?

Hezi gaitezen aniztasunean! Herri hezkidetza eta elkarbizitza direlako etorkizuneko Amorebieta-Etxanoren ardatzetako bat, heziketa-proiektu eraginkor eta erreal bat eginez: praktikoa, parte-hartzailea eta funtzionala.