Ander Uriarte izango da, berriz ere, EH Bilduren alkategaia Zornotzan

Ander Uriarte Pujana izango da EH Bilduren alkategaia 2023ko udal hauteskundeetan Amorebieta-Etxanon. Hala berretsi zuten Bilkideek joan den asteburuan egindako bozketan.

Datozen udal hauteskundeetarako zerrendaburua aukeratzeko barne-prozesua azaroaren 14an abiatu zen. EH Bilduren Zornotzako Mahai Politikoak Ander Uriarte proposatu zuen alkategai izateko, eta ez zen beste hautagaitza alternatiborik aurkeztu.

Gauzak horrela, Ander Uriarteren hautagaitza berresteko bozketa abenduaren 1etik 3ra bitartean burutu zen, eta bozketan parte hartu zuten Bilkideek aho batez babestu zuten Ander Uriarte zerrendaburu izateko proposamena. Hauek izan ziren emaitzak:

Baiezkoak: % 100 | Ezezkoak: % 0 | Boto zuriak: % 0

Badakizuenez, Ander Uriarte Zornotza Lanbide Heziketa zentroko irakaslea da, eta azken zortzi urteetan zinegotzi lanetan aritu da Amorebieta-Etxanoko udalean. Udaletxeko ardurak ondo ezagutzen ditu eta esperientzia handia dauka horretan.

Halaber, kaleko lana zer den inork baino hobeto daki: pandemia garaian, adibidez, herriko dendariekin eta ostalariekin egon zen haien kezkak eta beharrizanak bertatik bertara ezagutzeko; eta oraintsu, auzoz auzo eta dendaz denda ibili da, Hiria Antolatzeko Plan Orokorrak datozen urteetan Zornotzan eta zornotzarron egunerokoan izango duen eraginaz ohartarazteko.

Zornotza hobea eraikitzeko ezinbestekoa da Udaletxean egotea, baina baita kalean ere, herritarren ondoan, haien kezkak eta arazoak entzuteko, eta proiektu eta plan estrategikoak haien iritziak eta beharrizanak kontuan hartuta gauzatzeko.

Horretarako pertsonarik egokiena Ander Uriarte dela uste dugu, eta alkate ezin hobea izango litzatekeela konbentzituta gaude.