Ander Uriarte izango da EH Bilduren liberatua Amorebieta-Etxanon

Zornotzako EH Bilduk liberatu bat izango du 2019-2023 legegintzaldian: Ander Uriarte Pujana.

Euskal Autonomia Erkidegoko Udalen Elkarteak (Eudel) udaletxean liberatu bat izatea ahalbidetzen dio oposizioko alderdi nagusiari eta EH Bilduk aukera hori baliatzea erabaki du.

Joan den legealdian lan zama handia izan genuen eta oraingoan ere hala izango dela aurreikusten dugu. Taldean pertsona bat liberatuz gero, udaletxeko eginkizunetan eraginkorragoak izango garela eta herritarrei arreta hobea eskainiko diegula uste dugu.

Liberatua Ander Uriarte izateko arrazoiak bi dira: batetik, taldeak aho batez hala erabaki duelako; eta bestetik, lau urte barru bere irakasle lanpostura bueltatzea bermatuta izango duelako, hots, bere enplegua eta lan-baldintzak galtzeko arriskurik ez duelako.

Liberatu gisa dagokion soldata hau da: 59.548 euro urtean. Alabaina, Uriartek gutxiago kobratuko du,  Zornotza Lanbide Heziketa Ikastetxeko irakasle moduan dagokion ordainsaria jasotzen segituko baitu.

Udaletxeko kontuei buruzko informazioa behar izanez gero eta edozein zalantza argitzeko, deitu Zornotzako EH Bilduren telefonora (688 83 7777) edo idatzi gure helbide elektronikora (zornotza.ehbildu@gmail.com), eta jarri hitzordua Ander Uriarterekin.