Andoni Agirrebeitia alkateak 67.000 euro gordin kobratuko ditu urtean

andoni-agirrebeitiaEAJ-PSE gobernu koalizioak lehendabiziko osoko bilkuran hartutako zenbait neurri gogor kritikatu ditu EH Bilduk, hala nola, Andoni Agirrebeitia alkatearen soldata, Hirigintzako zinegotzia liberatu izana edo udalbatzarrak arratsaldez egiteko aukera baztertzea.

Legegintzaldi berriko lehen osoko bilkurak “desadostasun zaharrak” agerian utzi dituela adierazi du EH Bilduk. Hauxe duzue koalizio soberanistaren irakurketa:

Agintaldi berria eta desadostasun zaharrak ditugu gure artean berriro ere. Ez da arraroa. Hona hemen horietako batzuk:

1- Osoko Bilkuren ordutegia: zergatik ostiral goizez? Zergatik ez arratsaldez, eguna edozein izanda ere? Gure ustez goizez egiteak herritarrak bilkuretara bertaratzea oztopatzen du, guztiek ezin dituztelako lan edo familia konpromisoak utzi, nahiz eta interesa izan.

2- Kargu publikoen liberazioa. Hiru egongo dira: Alkatea, hirigintzako zinegotzia eta enplegu eta sustapen ekonomikorakoa. Alkatearena argi ikusten dugu, baita enplegu eta sustapen ekonomikorako zinegotziarena (2/3eko liberazioa izango du), baina ez ordea Hirigintzako zinegotziarena, eraikuntzak beherakada handia izan duelako azken urteotan, eta bere lan karga ez delako lehengoa. Saila handia dela esan digute, Hiri Antolakuntza Plan Orokorra egiteke dagoela, baina guk zera diogu:

– Beste sail handi batzuk ditu udaletxeak, eta ez dute liberaziorik izan bere zinegotziaren aldetik.

– Udaletxeak dituen teknikariek gaitasun nahikoa eta soberan dute jardun osora liberatutako politikaririk gabe euren lana ondo egiteko.

– Prentsaurrekoan alkateak garrantzitsuena enplegua dela esan zuen, orduan, zergatik ez du Enplegu eta Sustapen ekonomikorako zinegotzia jardun osora liberatu eta bai Hirigintzakoa? Hitzak eta ekintzak ez dira batere koherenteak. Adreiluak garrantzia gehiago du.

– Berdintasun plana ere diseinatzeke dago, eta ez da Berdintasunerako zinegotzia liberatu.

3- Liberatuen soldatak. Guk soldatak murriztea nahi dugu, eta ez populismoagatik, egotzi zitzaigun modura, baizik eta zornotzar gehienok askoz gutxiagorekin bizi garelako eta horrekin koherentea delako:

Alkateak urteko 67.000 euro gordin pasatxo kobratuko ditu .Erretentzioaren arabera, 3.000- 3.100 euro garbi hilabeteko gutxi gora behera. Alkatea izan nahi badu izan dadila zornotzar bat gehiago zentzu guztietan.

Hirigintzako zinegotziak urteko 55.000 euro gordin urteko pasatxo kobratuko ditu. Beste horrenbeste diogu.

– Enplegu eta Sustapen ekonomikorako zinegotziak urteko 37.000 euro gordin kobratuko ditu 2/3eko lan-jardunagatik. Zenbat zornotzar iristen dira horretara jardun osoan? Beste sail handi batzuk ditu udaletxeak, eta ez dute liberaziorik izan bere zinegotziaren aldetik.Udaletxeak dituen teknikariek gaitasun nahikoa eta soberan dute jardun osora liberatutako politikaririk gabe euren lana ondo egiteko.

4- Konfidantzazko kargu politikoak ere gure desadostasun puntua dira:

– Herritar Erlazioetarako idazkaria, edo Alkatearen idazkaria ere deitua. Ez dugu postu horretan sinesten, herritarren eta alkatearen artean jartzen delako. Alkateak ADNan entzutea duela adierazi zuen elkarrizketa batean, zergatik jartzen du orduan idazkari bat herritarren eta bere artean?

– Nafarroa zentroko zuzendaria: postuan sinesten dugun arren, ez dugu uste konfidantzazko kargu bat edo “zuzenean aukeratua” izan behar denik. Horren ordez, udaletxeko teknikari batek ardura hori hartu beharko lukeela diogu, gaitasuna soberan baitute.

EAJ-PSE koalizio gobernuak 17 zinegotzitik 9 ditu, eta, beraz, lehendabiziko bilkuran ikusitakoaren arabera nahi dutena egingo dute legealdi osoan.

Hala ere zera diogu, irakurri nahi duenarentzat: politikak buelta asko ematen ditu eta itunak ez dira betirako. Batek daki nork eta zertarako joko duen EH Bilduren atea etorkizunean.