Andoni Agirrebeitia alkatearen irainak eta Anartz Gandiagaren harrokeria

agirrebeitia-gandiaga

Andoni Agirrebeitia alkatea eta Anartz Gandiaga Hirigintza zinegotzia.

Joan den otsailaren 26ko plenoan tentsio-une handiak izan ziren, Tantortan eraikiko duten supermerkatuaren harira egindako eztabaidan. Urko Lopez EH Bilduren bozeramailea proiektu horren kontrako argudioak ematen ari zela, Andoni Agirrebieitia alkateak eta Anartz Gandiaga Hirigintza zinegotziak paperak galdu zituzten, eta irainka eta deskalifikazioetan hasi ziren.

Biek ala biek, Urko Lopez izan zuten jomugan, baina, oro har, koalizio soberanistaren aurka aritu ziren, mespretxuz.

Alkateak, hitzez hitz eta oso serio, “pinochin” deitu zion Urko Lopezi, EH Bilduri “gezurretan” aritzea leporatuz. Agirrebeitiaren ustez, EAJk eta PSEk arau subsidiarioak aldatuta eta Tantortan merkataritza-gune handi bat irekita, ez omen da inolako kalterik eragingo, onurak ekarriko ditu soilik. Orduan, zertara dator jarrera hori? Zergatik iraindu kontrako argudioak ematen ari dena?

Ondoren Anartz Gandiagaren txanda iritsi zen. Haserre, amorruz betetako interbentzioa egin zuen, eta harrokeriaz zuzendu zitzaion Urkori: “Eso es MEN-TI-RA”, “¿Ha quedado claro?” edo “Tienes la cara muy dura” bezalakoak gazteleraz oihukatuta.

Agirrebeitiak eta Gandiagak euren “hitzak” amaitu zituztenean, Urko Lopezek atentzioa deitu zien eta EH Bilduk aipatu egitasmoaren aurka zergatik dagoen argudiatzen jarraitu zuen. Alkateak barkamena eskatu zion Urkori, baina Gandiagak marmarrean segitu zuen eta koalizio soberanistaren bozeramaileak errespetua exijitu zion berriro, mikroz kanpo hitz egin ez zezan.

Jarrera lotsagarria eta tristea biena, eta Gandiagaren kasuan, baita harropuzkeriaz betetakoa ere.

Gauzak horrela, Zornotzako EH Bilduk ondokoa adierazi nahi du:

– EH Bilduk herrigintzaren alor instituzionalean daramatzan bost urteotan ez du Gobernu Taldearen aldetik horrelako tonu irteerarik ikusi, inoiz. Debate zakarrak bizi izan ditugu Zornotzako udaletxean, baina inoiz ez honelakoak.

EH Bilduk ez die errespetua galdu Andoni Agirrebeitia alkateari, Anartz Gandiaga zinegotziari edo EAJ zein beste alderdietako zinegotziei, desadostasunak izan arren, eta are gutxiago eztabaidetako argudioetan hauen aurkako pertsonalizazioa erabilita. Horrenbestez, EAJk igorri nahi duen “perfekzio” eta “formen gordetze” horretan ke hutsa saltzen duela frogatuta geratu da.

– Udaletxean dauden ordezkariek, bere alderdia edozein izanda ere, ez dute zertan alkatearen edo beste edozein zinegotziren irainik jasan behar planteamendu batekin ados ez daudelako. Kasu konkretu honetan, supermerkatu batek ekar dezakeen herriko komertzio txikien itxiera eta ondorioz letorkeen enplegu galeraren inguruan herritarrak ohartarazteko eskubide osoa dugu, inoren deskalifikaziorik jaso gabe.

– EAJri ez zaio gustatzen nola pentsatzen dugun? Zerbaitegatik gara oposizioa, bestela alderdi bera izango ginateke, eta gurea beste aukera politiko bat da, beste inor mespretxatzen ez duen aukera politikoa.

– Andoni Agirrebeitia alkteak eta Anartz Gandiaga Hirigintza zinegotziak erakutsitako jarrera honek EAJren eta EH Bilduren harremanak hoztea eragin du. Agintaldi honetan, desadostasun asko izan ditugu, baina ez da giro txarrik egon, orain arte.

– Otsailaren 26ko plenoan gertatutako guztia ez bada aktan jasotzen, inpugnatu egingo dugu.