Andoni Saavedra: “Taldean lan egiten duenak eta ilusioa sortzen duenak irabazten du, ez indartsuenak”

andoni3CCOO sindikatuko ordezkariak argi dauka Zornotzan progresista eta ezkertiar nahikoa dagoela, EAJren alternatiba izateko. “Hizkuntza berdina daukagu eta egoeraren ikuspegi orokorra konpartitzen dugu, eta konpartitzen dugun hori izan behar da bidea markatuko diguna”, azpimarratu du.

CCOOren egoitzara iritsi gara. Andoni Saavedra zain daukagu. Saavedra ezaguna da gure herrian, CCOO ordezkaria eta enpresa-batzordeko presidentea delako Aludiumen eta Arte Martzialetako irakaslea berak sortutako Ukabilak Klubean. Elkarrizketa luzatu egin da, gai ezberdinak jorratu ditugulako: udal eta foru hauteskundeak, Aludium enpresaren etorkizuna, Ukabilak…

Urko Lopez EH Bilduren hautagai nagusiak esan du alkatetza eskuratu nahi dutela gauzak beste era batera egin daitezkeela erakusteko. Zer uste duzu baieztapen horren harira?

EH Bilduk alkatetza eskuratzea bideragarria dela uste dut, eta konbentzituta nago gauza beste era batera egin daitezkeela eta egin beharko liratekeela. Adibidez, Zornotzako zenbait auzo abandonatuta daude, azpiegitura gabe, garraio egokirik gabe… Azken urteotako arazoa da politikariak ez duela herritarrekin bat egiten jakin. Gizartea aktiboagoa izan beharko litzateke, baina erantzukizun handiena gobernatzen duenak dauka. Herritar guztientzat gobernatu behar da, eta ez soilik botoa ematen dizutenentzat.

Gauzak beste era batera egiteko bidean, ezkerreko alderdiak, sindikatuak eta eragile sozialak elkarlanean aritzea da aukera. Zergatik da horren zaila indar progresista ezberdinak batera lan egitea? Batasun hori epe laburrean posible izango al da Zornotzan?

Errealitate bat da gure herrian jende progresista eta ezkertiar asko dagoela, baina ez gara gai izan EAJren alternatiba izateko. Arazo nagusia da alderdi eta sindikatu bakoitza bere esku-liburuarekin doala. Hizkuntza berdina erabiltzen dugu eta egoera sozio-politikoaren ikuspegi orokorra konpartitzen dugu, eta konpartitzen dugun hori izan behar da bidea markatuko diguna. Nik beti azpimarratu dut ez duela indartsuenak edo bizkorrenak irabazten; taldean lan egiten duenak eta ilusioa sortzen duenak irabazten du.

Zer eskatuko zenioke EH Bilduri Zornotzako alkatetza eskuratzen badu?

Lehendabizi marjinazio guneekin amaitzeko lan egitea eskatuko nioke, oso gaizki pasatzen ari den zornotzar asko dagoelako. Horrez gain, herriko talde politiko, sindikatu eta eragile sozial guztiekin elkarlanean aritzeko esango nioke. Eta amaitzeko, behin boterea eskuratuta, EH Bilduk bere nortasun ezaugarriak inoiz ez alboratzea nahiko nuke.

Martxoan publikatutako datuen arabera, langabezia-tasak % 14,5eko igoera izan du azken lau urteotan. Beraz, egun 1.172 langabe daude Zornotzan. Zer egin daiteke Zornotzatik bertatik arazo larri honi aurre egiteko?

Udal-gobernu berria herriko alderdi politiko, sindikatu eta eragile sozial guztiekin eta enpresa txiki eta ertainekin bildu beharko litzateke enplegu plan bat egiteko. Baina plan bat egiteaz gain, Udalak gehiago inbertitu beharko luke langabezian dauden pertsonei enplegu berri bat emateko.

Horrez gain, beharrezkoa ikusten dut Zornotzako enpresa handiek institutuarekin eta Lanbide Heziketako zentroarekin harremana izatea, ikasketak amaitu dituzten gazteek lan munduan sartzeko erraztasunak izan ditzaten.

Atlas Holdings multinazionalak Alcoa erosi zuen eta orain Aludium bilakatu da. Lanpostuak bermatuta daude?

AEBetako Atlas Holdings multinazionalak Europatik alde egin nahi zuela iradoki zuen eta, ondorioz, kezka handia eta ezinegona zabaldu zen Alcoa zaharreko langileen artean. Alabaina, badirudi errealitatea beste bat dela eta Atlasen asmoa Europan egonkortzea eta zabaltzea dela.

Adibidez, Zornotzako lantegia labe berri bat ezartzeko aukera aztertzen ari dira eta horrek langile eta txanda kopuruak handitzea ekarriko luke, produkzioa ahalik eta handiena izateko. Bestalde, aipatu behar da gure bezeroen % 80 europarrak direla eta orain arte erantzun ona ematen ari zaizkigula.

Eta, lan-baldintzei dagokionean, zein da egoera?

Lan-hitzarmenaren aurre-akordioa sinatu dugu, 2017a arte, baina 2018a arteko errelebo kontratuarekin, KPIaren igoerarekin eta gaueko txandaren plusaren % 2,5a eta % 5aren arteko igoerarekin.

Gainera, klausula garrantzitsu bat gehitu diogu aurre-akordioari: balizko kasu batean lan-hitzarmena aplikatzeari utzi nahiko baliote, enpresa langile-batzordearekin negoziatzera behartuta dago, ezingo lukete modu aldebakarrean egin.

ukabilak

Gaia erabat aldatuta… Futbolak itsututa bizi garen gizarte honetan, nolatan arte martzialekiko duzun afizio hori?

Kung Fu pelikularekin hasi zela guztia esan daiteke (irribarrea). Pila bat gustatu zitzaidan eta Zornotzan irekitako lehendabiziko Karate eskolan izena eman nuen. Hortik Bilboko Casillara joan nintzen entrenatzera, eta apurka-apurka bide berriak probatu nituen, hala nola, Full Contact-a. Modalitate ezberdinetan hainbat titulu irabazi ostean, Ukabilak Kluba sortzea erabaki nuen Asier Bikandirekin batera.

Nola egiten duzue lan Ukabilaken?

Ukabilak klubaren helburua da norbere inpultsuak eta sentimenduak kontrolatzen ez dakiten gazteei laguntza ematea, inpultsu horiek nola kontrolatu irakastea. Kirol honi esker gazte horiek bere jarrera aldatzea lortzen dute. Full Contact-a praktikatzen dugu eta Kick Boxing-era edo Arte Martzial mistoetara eboluzionatu dugu. Euskadiko txapelketak antolatu ditugu herrian eta zenbait txapeldunorde ditugu taldean.

Baina, azpimarratu nahiko nuke ez dugula txapeldunak sortzeko lan egiten. Pertsonentzako lan egiten dugu, taldearentzat lan egiten dugu eta Ukabilaken daukagun talde humanoaz harro nagoela esan behar dut.

Nolanahi ere, kirol biolentoa dela esan ohi da.

Aitortu beharra dago gaizki ikusia dagoela eta kirol bortitz bezala kontsideratzen dela. Baina datu bat emango dut: futbolean edo saskibaloian baino lesio gutxiago izaten dira gure kirolean. Kontaktuko kirol bat den heinean, ubeldura asko izaten dira, baina biolentotzat ematen ez diren kiroletan baino lesio gutxiago izaten ditugu.

Egia da biolentoa den jendea erakartzen dugula, baina Ukabilaken helburua da bortizkeria erabili nahi duten pertsona horiek bideratzea. Kirol gogorra da, bizitza orekatua eta diziplina handia eskatzen duena.