Aniceto Agirrebeitia gudariaren gorpuzkiak topatu dituzte Bizkargin

Aranzadi Zientzia Elkarteak Aniceto Agirrebeitia Lazpita gudariaren gorpuzkiak aurkitu ditu Bizkargi mendian. Berrizko bizilaguna zen eta Alderdi Komunistaren Esteban Salsamendi batailoian aritu zen faxisten aurka borrokan. 26 urte zituen hil zutenean.

Lehendabiziko arrastoak joan den uztailean topatu zituzten Aranzadiko kideek Bizkargin prospekzio lanak egiten ari zirela. 58331 zenbakidun identifikazio plaka bat aurkitu zuten eta laster egiaztatu zuten Aniceto Agirrebeitiarena zela. Gorpuzkiak inguru berean, baina apur bat beherago agertu dira.

Dokumentazio historikoaren arabera, 1937ko maiatzaren 16an hil zen borrokan ari zela.

Desobiratze lanak igande honetan -2020ko abenduaren 20an- egin dituzte eta gorpuzkiak haren senideei eman dizkiete. Zuloan beste hainbat objektu topatu dituzte.

Exhumazioan Aniceto Agirrebetiaren ilobak izan dira, baita Eusko Jaurlaritzako, Legebiltzarreko eta Amorebieta-Etxanoko udal ordezkariak, tartean Ander Uriarte EH Bilduko kidea.