Anna Gabriel askatu!

Emakume aparta. Borrokalari nekaezina. Kataluniako parlamentuko diputatu ohia. 2017ko abenduaren 22an estatu espainoleko Auzitegi Gorenak ikerketa bat zabaldu zuen Annaren kontra “matxinada” delituagatik. Hala, erreferenduma defendatzeagatik eta prozesu konstituziogile bat zabaltzeagatik kartzela zigor handiaren mehatxupean egonik otsailean Genevan (Suitza) exiliatu zen.

Militante independentista, antikapitalista eta feminista katalana, andaluziar jatorriko metaleko langile baten eta PSUCko militante baten alaba. Bere aitite CNTko kidea izan zen. Gizarte Hezkuntzan diplomatua eta Zuzenbidean lizentziatua. UABn Zuzenbidearen historiako irakaslea.

Militantzia politikoa 16 urterekin hasi zuen “Coordinadora d´Associacions per la Lengua” sortzen, CGTko afiliatua da eta “Terra i Llibertad” kolektiboan parte hartu zuen. Gaur egun Endavanteko eta CUPeko militantea da . Feminismoak bere formazioan berebiziko garrantzia daukala dio, herrietan berdintasun planen alde lan egiten du eta feminizidioren kontrako planen aldeko jarrera du. Sallenten, bere herrian, zinegotzia izan da 2007tik 2009ra. CUPeko Idazkaritza nazionaleko kidea izan zen eta 2013tik 2015era Parlamentuko bulego teknikoan aritu zen.

Annaren bizitzan Euskal Herriarekiko elkartasuna beti egon da presente, bai independentziaren alde, bai presoen alde, errepresioaren kontra, gaztetxeen alde edo edozein borroka sozial eta justuaren alde. Zenbat aldiz ikusi izan dugun manifestazioetan edo ekitaldietan gure artean.

Hemendik, Zornotzatik, Euskal Herritik gure besarkada beroena Annari eta espero dugu gure artean egotea lehenbailehen, munduko preso politiko guztien askatasunarekin batera.

David Fernandezek bere burkideari hitz politak bidali dizkio “¡Y hablaremos de vida!” Annaren alde ateratako liburuan:

“Libre como el viento, en pie como una partisana y frente a todos los muros. Con la vida entera en los bolsillos, todas las luchas del mundo a sus espaldas y la esperanza siempre entre los dientes.”

Edo berak idatzi zuena: “¿Que es rendirse? No lo sabemos, nosotras somos mujeres”.