Arantza Gerediaga zinegotzi ohia zendu da | Euskal Herria Bildu Zornotza

Arantza Gerediaga zinegotzi ohia zendu da

Arantza Gerediaga Bilduko zinegotzia izan zen 2011-2015 legegintzaldian.

Urte luzez gaixotasun larri baten aurka borrokan jardun eta gero, Arantza Gerediagak betirako utzi gaitu.

Ezin aipatu gabe utzi sei urte hauek ezinezkoak izango zirela bera bezalako militanteei esker ez balitz. Bilduren sorreran ezinbesteko pertsona izan zen Arantza.

Apustu berri horri ilusioz heldu zenion eta argi utzi zenigun, behin eta berriz, ezkertiarrak eta soberanista garenok bide onetik goazela. Hori sentiarazten zenigun egindako adierazpen bakoitzean, edota Udaleko batzorde zein ohiko bilkuratan EH Bilduren defentsan egindako hitzartze bakoitzean.

Eta horregatik zutaz harro gaude. Zu bezalako ereduak beti esperantzarako argia izango direlako. Emakume ausart, feminista eta abertzalea. Momentu zailenetan ere irribarrea aurpegitik kendu ez zuena. Betirako eredu.

Gaur, Aran, txanpaina aterako dugu, gustatzen zitzaizun bezala. Eta bai, topa egingo dugu, zugatik eta gugatik. Maite zaitugu!

2017ko urriaren 7a

EH Bildu Zornotza