Astearte zoroak

xabi playboyHori irakurri ahal dugu euren iragarkian, 2×1. Bi pizza “goxo-goxo” baten prezioan. Pagotxa horiek ezin ditugunez galdu, asteartero ilaran jartzen gara Telepizzaren dendaren aurrean. Gurasoak eta umeak poz-pozik itxaroten euren pozoin dosia hartzeko. Jaten duguna gara, beraz zabor janaria jaten badugu…

Egunero produktu toxiko, kimiko, transgeniko eta artifizialak gure gorputzetara sartzen ari gara, ondo aukeratutako kolorante, aditibo, kontserbante, gure antsietatea baretzeko.

Durangaldean baditugu beste zabor janariko multinazional batzuk, Mc Donalds eta Burger King modukoak gizentasuna eta beste gaixotasunak sortzen laguntzen dutenak. Gaur egun 20-30 korporazio handi dira munduko elikagaien %80 kontrolatzen dutenak.

AEB, Peru, Marokoko produktuak iristen dira gure herriko dendetara, baina herrian bertan ekoizten diren produktuak ez. Honek ez dauka zentzurik!

Hirietan elikagaiek batez beste 5000 kilometro egiten dituzte guk jan aurretik. Ordua da, behingoz, gure herriko edo inguruko ekoizleei benetako bultzada emateko, lehenengo sektorearen aldeko sustapen politikak sustatzeko.

Elikagaien banaketaren orduan herritarrok beste bide batzuk sortu behar ditugu, gertukoak, tokikoak eta zuzenak, merkatari txikien bidez, kontsumo taldeen bidez, azoketan, eskolako jangelen bidez…

Laister beste bide bat hartzen ez badugu, igual denok jadanik zoro bihurtu gara.