Ausartak eta askeak | Euskal Herria Bildu Zornotza

Ausartak eta askeak

“Bizirik irauteko astintzen ditugu hegoak, bizirik irauteko gara etxetik kanpo, hegoak astinduz irauten dugu herri, nahiz eta herritik kanpo bizi”. Ekhiñe Eizagirre
Bere ile adatsak laztantzean sentitzen ditudanak azaltzeko ahalegin antzuan nabilen honetan, bere eta besteen etorkizuna hasierako bi hitzei loturik joan daitekeen amesten nabil. Hitzak izen bihurtuz, teklak bihurrituz lerroak irakurgaitz egin arte. Barkatu iritzia irrintzi bilakatzeagatik…. Lierni, Itziar, Lorentxa, Idoia, Leire, Eider, Lexuri, Iratxe, Maite, Beatriz, Marta, Izaskun, Alicia, Ana Belen, Irantzu, Itziar, Oihane, Olga, Josune, Agurtzane, Ainhoa, Lola, Josune, Marixol, Ainhoa, Aitziber, Olatz, Idoia, Maite, Maria, Marina, Sara, Alaitz, Iratxe ,Ainhoa, Alaitz, Saioa….


Emakume langile eta borrokalariak, itzalpean aske direnak eta aske preso sentiarazten ditugunak….Nekane, Arantza, Saioa, Aitziber, Aintzane, Ane, Amaia, Arantza, Ainhoa, Eukene, Nagore, Atxarte, Haizea, Onintza, Oihana, Izaskun, Naia…. Urrun eta gertu, zapaltzaileen berunetik ihesean edo zaldi berdinaren apoetatik babestu nahiean….Mireia, Anna, Marta…. Itzaletik argira pasatu direnen oinazez ereindako amalurra….Belen….

“Zure argazkiari muxu eman diot eta kristalak muxu hotz eta laua bueltatu dit. Kolorerik gabeko muxu gardena. Ñabardurarik gabekoa. Muxu hila”. Marisa Zubiri

Egunero atzokoa gaurkotasunez busti eta geroa umeltzen duzuenak, 730 zenbakiari hotzez, batasunez eta bakarrik aurre egin diozuen pertsonen zaintzaile eta eskubideen zaindari zaretenak. Ekialdean duintasuna auspotzen duzuenak, Ahed…. Ekialdetik etorri eta gure begi zuri mendebaldetsuak amorruz blaitu zenutenak Sakine, Fidan, Leyla, gerora Seve, Pakize, Fatma…. Beso odoltsuei aurre eginez zuen etxeko logelak eta gure espaloiak odolez tindatzeari uko egin zeniotenak, eta lortu ez zutenak….Raquel, Sofia, Noelia, Ana Belen….

“Txinako edo Japoniako gorteetako emakume banintz poema ederrak idatziko nituzke, irudi ederrez edertuak. Baina XXI.mendeko euskaldun naiz eta gordintasun osoan botatzen dut nire bihotzeko pozoia, arimaren zauriak poesía bidez desinfektatuz”. Amaiur B.Blanco

Zuei, emakume ezezagunak, ikusezintasunerarte bultzatuak, eskerrik asko ezerrera garamatzan ilunabar korapilotxu honetako argi txiki, sendo eta bakanak izateagatik.