Autzaganeko lanei buruzko batzorde monografikoa eskatu du EH Bilduk

autzagane-obrak3Autzaganen burutzen ari diren herri lanen atzerapena eta akuiferoetan eginiko kalteak direla-eta, Euskal Herria Bilduk irailean gaiari buruzko batzorde monografikoa egiteko eskatu du uztailaren 24ko Osoko Bilkuran. “Kaltea eginda dago eta, tamalez, oraingoa erantzukizunak eta konponbideak eskatzeko unea da”, nabarmendu dute.

Autzaganeko lanen afera Osoko Bilkurara eraman du EH Bilduk, eta irailean gaiari buruzko batzorde monografikoa egiteko eskaera ere egin du publiko. Izan ere, azpimarratu dute argi ikusten zutela, auzokide eta erabiltzaileek bezala, Autzaganeko errepide arriskutsua egokitzeko beharra.

Koalizioak, baina, adierazi du alde handia dagoela beharrizan horretatik egun burutzen ari den obra “zentzubako” eta “neurrigabera”.

EH Bilduk salatu du, alde batetik, obrak geldituta edo uste zena baino askoz mantsoago doazela (2012an lanak hasi zirenean, 63 milioi euroko aurrekontuarekin, 30 hilabeteko epea aurreikusten zen eta kaleratu den azken datak 2015eko uda aipatzen zuen) eta, bestetik, akuifero (mendiko akuifero guztiak, edo gehienak, baliogabetu dituzte) eta lurretan eragindako kalteak.

Hori guztia kontuan hartuta, lan horien ondorioz herrian arazo larriak daudela nabarmenduz, EH Bilduk azpimarratu egin du batzorde monografiko bat egiteko beharra.

“Aspalditik esan zuen EH Bilduk beste errepide alternatiba batzuk zeudela, trenbideari paraleloak zaizkion ibilbideak sortuz. Zer onura ekarri du herri-lan honek? Kaltea eginda dago eta, tamalez, oraingoa erantzukizunak eta konponbideak eskatzeko unea da”, gaineratu dute.