Autzaganeko tunelaren obrak, geldituta

autzagane-airetikAutzaganeko tunela eraikitzen ari diren enpresek lanak bertan behera utzi dituzte, egitasmo handi horrek suposatzen dituen kostuei aurre egiterik ez dutela argudiatuta. Gauzak horrela, Bizkaiako Diputazioak enpresa horiekin zuen kontratua eten du eta, ondorioz, obrak bertan behera geratu dira, behin-behinean. Ikusi BIDEOA.

Ingurumena eta zailtasun teknikoak kontutan hartuta, Autzaganen hondeaketak egitea eta tunela eraikitzea oso zaila dela eta “koste ekonomiko handiegia” suposatzen duela aitortu zuen proiektu hori gauzatzeko kontratua lortu zuen aldi baterako enpresa-elkarteak (Sacyr, Marizcurrena, Bycam, Viconsa, Cavosa, Zubieder eta Fedebide).

Bizkaiko Diputazioak ohar baten bidez azaldu duenez, Interbiak errepideen kudeaketarako sozietate publikoak aipatu aldi baterako enpresa-elkartearekin sinatuta zeukan kontratua baliorik gabe utzi du, “lanak etenda, bi aldeen arteko akordioa larriki hautsi dutelako”.

Foru Gobernuak onartu du “lanak teknikoki zailak” direla eta aldi baterako enpresa-elkartearekin konponbide bat bilatzen saiatu direla, baina honek “obra erabat gelditzea” erabaki duela.

Lanak amaitzeko epea iraila zen, baina orain oso litekeena da lizitazio berri bat egin behar izatea eta, beraz, obrak berriro abian jarri orduko beste sei hilabete igaro daitezke.

Bilkura monografikoa

Joan den uztailaren 24ko osoko bilkuran, Autzaganeko obrei buruzko udalbatza monografikoa egitea eskatu zuen EH Bilduk, “Autzaganen burutzen ari diren herri lanen atzerapena eta akuiferoetan eginiko kalteak direla-eta”.

Koalizioak berretsi egin zuen Autzaganeko errepidea egokitzeko beharra zegoela, baina martxan jarritako egitasmoa “neurrigabea” zela kritikatu zuten.

“Kaltea eginda dago eta, tamalez, oraingoa erantzukizunak eta konponbideak eskatzeko unea da”, erantsi zuten.