‘Auzoen Mahaia’ sortuko dugu, beharrizanak markatu eta auzoak hobetzeko asmoz

Auzo guzti-guztiak dira garrantzitsuak eta denek, salbuespenik gabe, behar dute Udalaren arreta. Auzoetako bizilagunekin bilduko gara, beraien beharrizanak identifikatu eta auzoak hobetzeko proposamenak lantzeko. Horretarako ‘Auzoen Mahaia’ sortuko dugu.

Amorebieta-Etxanoko auzoek ederrago egiten gaituzte eta lurraldearen luze-zabalean barreiaturik dauden  baserriek eta ermitek harriturik, txunditurik eta liluraturik uzten gaituzte, bertakoak eta kanpokoak, gure iragan ez hain urrunaren eta nortasunaren erakusgarri. Zornotza da Bizkaiko udalerrietan baserri gehien daukan udalerria, eta ermitetan ere hortxe-hortxe, ikaragarrizko ondarea gordetzen duena.

Horregatik, auzoei berebiziko garrantzia ematen diegu eta emango diegu. Auzoen artean ezberdintasun handiak daudela erakutsi digute herrian martxan jarri diren politikek, baina, guretzat, auzo guztiak dira garrantzitsuak. Ez dago lehen mailako eta bigarren mailako auzorik.

Eskuz esku lan egin nahi dugu. Auzo-batzordeekin aurrez aurre jesarriko gara, batzorderik ez duten horiekin auzo ikuspegitik hasiz, batzorde izaera hartu dezaketen lan-taldeak jarri nahi ditugu martxan.

Horrenbestez, eta beharrizanak identifikatu eta auzoak hobetzeko asmoz, ‘Auzoen Mahaia’ eratuko dugu.