Auzoz auzo ibili gara, zornotzarrei Hirigintza Plan berriak ekarriko dituen aldaketak azaltzeko

Azken hilabetean EH Bilduko zinegotziak auzoz auzo ibili gara, Udal Gobernuak ezarri nahi duen Hiria Antolatzeko Plan Orokorrak (HAPO) Zornotza nola eraldatuko duen eta zornotzarrongan zein eragin izango duen azaltzeko.

Besteak beste, ondoko auzoetan izan gara: Larrea, Santa Ana, Zubizabala, Leginetxe, Santa Luzia, Ixer, Gabriel Aresti, Tantorta, San Miguel, San Antonio, Euba, San Juan, Altamira eta Andrandi.

Batzar informatibo horietan konturatu ginen herritarren gehiengoak ez duela HAPOaren inguruko informaziorik jaso, eta ez zekitela informazioa eskatzeko eta alegazioak aurkezteko epea urriaren 31n amaitzen zela. Oso larria da hori. Izan ere, Udal Gobernuaren plan horrek zornotzar askori zuzenean eragingo die; besteak beste, euren etxea bota egingo dutelako edo euren lursailean eraikinak edo errepideak egingo dituztelako.

Gauzak horrela, alegazioak aurkezteko epea abenduaren 31ra arte luzatzea eskatu genuen joan den urriaren 19an egindako Hirigintza Batzordean, eta Udal Gobernuak gure eskaria onartu du. Beraz, zornotzar guztiok beste bi hilabete izango ditugu Udalaren asmoen buruzko informazioa jasotzeko eta planaren aurrean zuzenketak aurkezteko.

Zalantzarik baduzue, gu laguntzeko prest gaude.