Bake Lacasa: «‘Boltsa’ aplikatu zidaten, ariketa fisikoak, flexioak eta kolpeak»

DSC_0727Bake Lacasa Lasheras 1998ko martxoaren 18an atxilotu zuen Guardia Zibilak, Zornotzan, etxean zegoela. Madrilen, poliziaren egoitzara iristerakoan, «ziega txiki eta zikin» batean sartu zuten, «gonbitoz betetako harrizko banku bat eta koltxoi zikin batekin». Hurrengo egunetan, kolpeak, mehatxuak eta irainak jaso zituen.

– Nola gogoratzen duzu atxiloketaren unea?
Atea jo zuten eta Joseba altxatu zen. Oraindik eguna argitu gabe zegoen. Atea zabaldu zuen eta logela berehala bete zen guardia zibilez. Nengoen bezala altxarazi ninduten eta lehen unetik guardia zibil bat egon zen nire ondoan. Sukaldera eraman gintuzten, eskubideak irakurri zizkiguten eta, jarraian, Joseba ezkutu gisa erabiliz, eskopeta batekin apuntatzen ari zitzaizkiola, etxe guztia miatu zuten, aterik ate. Zerbait jantzi eta gero, Castro Urdialesera eraman ninduten autoan, kaputxa bat jarrita eta burua hanka artean. Irainak eta mehatxuak sufritu nituen bidean. Handik La Salvera eraman ninduten, modu berean.

– Atxilotu zintuzten unetik hasita, epailearen aurrera eraman zintuzten arte, zer gertatu zen?
La Salven ni eta nire familiarenganako irain eta mehatxuek jarraitu zuten. Bi orduren buruan, furgoi batean sartu eta Madrilera eraman ninduten. Ziega txiki eta zikin batean sartu ninduten, gonbitoz betetako harrizko banku bat eta koltxoi zikin bat zituena. Mehatxu eta irainek jarraitzen zuten. Arratsaldeetan ziegatik ateratzen ninduten, biluzik eta aurpegia estalita, beste toki batera eramaten ninduten galdeketak hasteko. Kolpe eta mehatxuak tartekatzen zituzten.

Bigarren galdeketa luzeagoa eta «bereziki» bortitza izan zen: bortizki esnatu ninduten eta modu bereaneraman ninduten. Zutunik eduki ninduten, ‘boltsa’ aplikatu zidaten, ariketa fisikoa, flexioak eta kolpeak; mehatxatuta, irainduta, umiliatuta… Galdeketak gau osoa iraun zuen, lehertuta bukatu nuen.

Forentsea iritsi eta tentsioa izugarri altu nuela ikusi zuenean, pastilla batzuk eman zizkien guardia zibilei, norbaitek bihotzeko bat jasateko zantzua daukanean errezetatzen diren horietakoak. Halako hiru ematen zizkidaten egunean, astakeria bat, eta une horretatik linboan bezala sentitu nintzen, desberdin, arraro. Momentu horretatik jaitsi egin zen galdeketen intentsitatea, jesarrita eta begiak estalita eduki ninduten.

Deklarazio poliziala egin nuen, beraiek nahi zutena ez deklaratzekotan berriro berdinetik pasako nintzela etengabeko mehatxupean.

– Atxiloaldiak kalte fisiko edo psikologikorik eragin dizu?
Mota honetako esperientziek, neurri handi edo txikiago batean, beti uzten dituzte ondorioak jasaten dituzten pertsonengan.

– Senide eta lagunek nola bizi izan zuten zure atxiloketa eta inkomunikazioa?
Beldurrarekin eta arduraz.

– Ze testuingurutan kokatzen duzu zure atxiloketa eta inkomunikazio aldian sufritutako guztia?
Hasi aurretik badakizu. Tortura arma bat da, bi estatuek ezin hobeki prestatutako metodoa. Estatu terrorista honek berezkoa du tortura eta herri osoaren aurka zuzenduta dago. Ohartzen al gara benetan zenbat herritarrek sufritu duten tortura? Epaiketak fartsa hutsa dira eta ia atxiloketaren aurretik daude erabakita. Ehoziri lan bat da: denetarik eta denen inguruan galdetzen dizute, zu kikiltzen saiatzen dira, haizagailu efektua bilatzen dute, eta armiarma sarea hurrengo erasorako prestatzen da.

– Paco Etxeberriak eta bere lantaldeak azken 50 urteotan Euskal Herrian izandako milaka tortura kasu bildu dituzte ikerketa batean. Zer iritzi duzu lan horren inguruan?
Ezinbestekoa da, baina, bestela ezin zuen moduan, hobe daiteekena. Nafarroan gertatu dena islatu nahi dut, Istanbulgo Protokoloarentzako laginak orain Nafarroan bizi garen EAEko atxilotu eta torturatuengandik hartu baitute.

– Iaz, ‘Torturaren Aurpegiak, Berriro Inoiz Ez’ ekimenaren baitan, Zornotzako hamarnaka bizilagunek torturatuak izan zirela salatu zuten. Alabaina, jakin badakigu torturak pairatu dituzten zornotzarrak askoz gehiago direla, publikoki aitortu ez duten arren. 50 urte luzez sistematikoki erabili dute errepresio metodo anker hori milaka eta milaka euskal herritarren kontra. Zure ustez zer egin beharko litzateke torturarekin amaitzeko eta torturatu gehiagorik izango ez dela bermatzeko?
Neurriak, asko: legeria antiterroristaren indargabetzea, kamerak, konfiantzazko abokatuen derrigorrezko presentzia… Baina, lehen esaten nuenaren harira, tortura Estatuaren boterearen esentzia da eta oso ziur nago, Armadari edo ustelkeriari uko egingo ez dion bezala, torturari uko egiteko prest ere ez dagoela.