Beldurra aldez aldatu arte

Zaloa IbeasZoritxarrez eraso sexistaz beteriko uda baten aurrean aurkitu gara beste behin ere. Algorta, Gasteiz, Iruñea, Barakaldo, Ordizia…. non emakumeon aurkako, mehatxuak, bortxaketak, jipoiak eta jazarpenak izan diren protagonista ilunak.

Gainera, aurreko astean jakin izan genuen, Bilboko Abusu auzoan kotxe batek orain dela hilabete inguru harrapatutako emakumea, Leire, ez zela istripu baten ondorioz hil, baizik eta bere bikote ohiak erail egin zuela.

Hortaz, uda beltz honetan ere, indarkeria sexistaren espresio gorenari, erailketari, aurre egin izan behar diogu beste behin.

Dagoeneko Euskal Herrian urtea hasi zenetik bost emakume izan dira bizia galdu dutenak gizonen eskutik, eta milaka, modu batean edo bestean, emakume izateagatik, erasotuak izan garenak.

Egoera hauek gertatzen dira, emakumeok zapaltzen gaituen jendartean bizitzera behartuak gaudelako. Eta zapalkuntza honek baditu arduradun zuzenak.

Izan ere, zineztarazi nahi digutenaren kontra, indarkeria sexista ez da arazo indibiduala edo eta zorigaiztoko gertaera isolatua, baizik eta egungo sistema kapitalista heteropatriarkalaren egituraren sostengurako ezinbesteko tresna baizik.

Halere, uda beltz honi kolore apur bat ipini dion errealitate berri batekin aurkitu gara. Apurka apurka, modu kolektiboan, bereziki mugimendu feministak urteetan egin duen borrokaren emaitzaren ondorioz, ikusi dugu nola erasoei emandako erantzuna eta deialdi gaitasuna ikaragarria izan den.

Nahiz eta oraindik ez nahikoa izaten jarraitu eta erresistentzia matxista handiei aurre egin behar izan, emakume, gizon, eragile , elkarte, zein instituzio batzuen eskutik egoera hauen aurrean erakutsitako ezezko irmoak bere biziko garrantzia izan du. Hau da bidea, baina honetarako gehiengoaren indarra beharrezkoa da.

Izan ere, soilik guztion inplikazioaren bitartez, konplizitate jarrerekin amaituz eta egoera hauen aurka mobilizatuz, lortuko dugulako emakumeok gure bizitzako esparru guztietan pairatzen ditugun zapalkuntza eta indarkeria sexista egoerekin behingoz amaitzea eta erasotzailek gure artean lekurik ez dutela argi geratzea.

Azkenik, guk emakumeak, jarrai dezagun borrokan eta antolakuntza. Herri honetan ongi dakigun bezalaxe, zapaldua baita, lehenik eta behin zapaltzailearen aurka borrokatu beharrekoa. Inork ez digu ezer oparituko, borrokaren bitartez soilik lortuko ditugu dagozkigun eskubideak. Beraz indarrak bildu eta ekin autodefentsa feministari, beldurra aldez aldatu arte!