Berna eta Bernabeitiako auzokideekin bildu gara, haien arazoak ezagutzeko

Berna eta Bernabeitiako auzokideen protesta.Bizkaiko Aldundiak iragarri du 2018an beste biribilgune bat eraikiko duela Agria enpresaren parean, ibilgailuek noranzkoa alda dezaten. Udalak doako auzo-taxi zerbitzua jarri du Berna eta Bernabeitiko auzokideen eskura, lanak amaitu eta autobus zerbitzua berriro martxan jarri bitartean.

N-634 errepidean, Amorebieta-Etxano eta Iurreta artean, Bizkaiko Foru Aldundia egiten ari den biribilgunearen obra dela eta, Berna eta Bernabeitiko bizilagunek isolatuta sentitzen zirela salatu zuten; izan ere, itzulbidea eta ezkerreko erreia kenduta, Eubara edo Montorrara joan behar dira buelta emateko eta euren etxeetara sartu ahal izateko. Gainera, autobus geltokia ere kendu zieten obra horien ondorioz.

Gauzak horrela, eta Aldundiak inolako erantzunik ematen ez zienez, bizilagunek protestak abiarazi zituzten, manifestazioak eginda eta zirkulazioa moztuta. EH Bilduk eskatuta, Amorebieta-Etxanoko Udala Bizkaiko Diputazioarekin harremanetan jarri zen, arazoari irtenbide bat bilatzeko asmoz.

Bada, Aldundiak iragarri du beste biribilgune bat eraikiko duela Agria enpresaren parean, ibilgailuek noranzkoa alda dezaten; 2018an hasiko dira lanak. Era berean, lerro etena jarriko dute errepidean, obrak iraun artean. Bestalde, Udalak doako auzo-taxi zerbitzua jarri du Berna eta Bernabeitiko auzokideen eskura, lanak amaitu eta autobus zerbitzua berriro martxan jarri bitartean. Horrenbestez, bizilagunek protestak bertan behera utzi dituzte.