“Berriro inoiz ez”, torturatuak izan diren hamarnaka zornotzarren eskaria

_DSC0012

Saioa Agirre eta Pedro Berrioategortua.

Pedro Berrioategortua 1967an atxilotu eta torturatu zuten; Saioa Agirre, 2010ean. 1967-2010 urteen artean, belaunaldi ezberdinetako gutxienez 100 bat zornotzar torturatu zituzten.

 

 

Ezker abertzaleak antolatutako ‘Torturaren aurpegiak. Berriro inoiz ez’ ekimenaren baitan, torturak jasan dituzten Zornotzako hamarnaka pertsona ezberdinek agerraldia egin zuten urtarrilaren 30an, Zelaieta parkean.

Tortura pairatu duten lagun guztiek “justizia eta aitortza” merezi dutela eta horretarako oraindik “ezezaguna den eta ezkutuan mantentzen den errealitatea” ezagutzea eta ezagutaraztea ezinbestekoa dela azpimarratu zuten.

Laburbilduz, hiru eskaera nagusi egin zituzten: tortura praktikatu dela publikoki eta ofizialki aitortzea; berriro gertatuko ez dela bermatzea, inkomunikazioarekin eta atxilotuen eskubideak murrizten dituzten neurriekin amaituta; eta hamarkada hauetan tortura tresna gisa diseinatu dutenak identifikatzea eta erantzukizunak argitzea.

Bestalde, Zornotzako ezker abertzaleak adierazi du torturatuak izan diren zornotzar guztiengana heltzeko ahaleginak egin dituela, baina onartu du ez duela baliabide nahikorik izan helburu hori betetzeko, 70 bat torturaturekin harremanetan jarri diren arren.

_DSC0013

Zornotzako torturatuek egindako agerraldian irakurritako adierazpena, oso-osorik:

Egun gutxi barru 35 urte beteko dira Joxe Arregi Carabancheleko espetxeko ospitalean hil zela, 9 egunez Guardia Zibilaren esku basatiki torturarua izan ondoren. Horren froga, duela urte gutxi agertu ziren argazkik dira, 28 urtez isilpean gordeta egon ziren argazkiak. “Oso latza izan da” izan ziren Joxe Arregiren hitzak.

Hemen bildu garenok tortura zer den ongi badakigu. Duela 40 urte, duela 20 urte edota duela 5 urte sufritu dugu gure azaletan. Gu guztiok gure bizitzako unerik latzenetakoak ezagutu genituen, baina guk ez dugu argazkirik, ez dugu inolako dokumenturik egin zigutena frogatzeko, gure bizipenaren testigantza da geratzen zaiguna. Izan ere, tortura ez da 10, 5 edo 3 egunetan sufritzen den amesgaiztoa, tortura hor hasi eta bizitza osorako ondorioak uzten ditu, bai gure gorputzean, bai gure buruan, baita gure inguruan ere.

Torturapean lortutako deklarazioek ere, urteetako kartzela zigorrak eta erbestea suposatu dute hainbat euskal herritarrentzako. Eta hamarkadetan zehar, milaka torturatu egon dira Euskal Herrian. Zornotzan ere, hamarnaka auzokidek euren azalean jasan dute praktika hau.

Tortura sufritu dugunok justizia eta aitortza merezi dugu, baina horretarako ezinbestekoa da oraindik ezezaguna eta ezkutuan den errealitate hau ezagutzea eta ezagutaraztea. Gure testigantzen bidez, gu geu itzaletik argira irteteko. Inoiz herri honen zauriak sendatu nahi baditugu, errealitate gordin honi ere aurre egin beharko diogu. Norbanakotik hasita baina modu kolektibo batean, guztiok sortzen dugun memoriaren mapa irudikatuz.

_DSC0035

Horregatik ekimen hau, horregatik ekimen honen leloa: ‘Torturaren aurpegiak, berriro inoiz ez’:

1- Tortura praktikatu izanaren aitortza, ofizialki eta publikoki. Torturatuak izan diren pertsona guztiei aitortza zor zaielako, eta euskal herritarrok egia ezagutzeko eskubidea dugulako.

2- Berriro gertatuko ez dela bermatzea. Horretarako beharrezkoa da inkomunikazioarekin amaitzea, eta atxilotuen eskubideak murrizten dituzten arau guztien desagerpena.

3- Azkenik ‘Justizia transizionalari’ aipamena eginez, eta bide judizialetik inolako erreparaziorik espero gabe, beharrezkoa ikusten dugu urte luze hauetan tortura tresna gisa diseinatu dutenak identifikatzea eta erantzunkizunak argitzea.

Guzti honekin, otsailaren 13a Euska Herrian torturaren kontrako eguna ospatzen den horren arira egingo diren ekimen guztietan parte hartzera deitzen dizuegu. Zornotzan honako hauek egongo dira:

– Otsailak 10, asteazkena: arratsaldeko 19:30etan torturari buruzko hitzaldi bat egongo da Zelaieta zentroko auditorioan.

– Otsailak 12, ostirala: arratsaldeko 19:30etan kontzentrazioa erreferendumaren plazan.

Ipini dagiogun aurpegia torturari: BERRIRO INOIZ EZ!!