Beste manta bat

xabi-gutierrezHau da gero eta pertsona gehiagok egin behar duena: beste manta bat gainean bota hotzik ez pasatzeko. Gero eta etxe gehiagotan ezin da ordaindu argindarraren faktura eta arazo horrek elikaduran, etxeko berotasunean eta osasunean eragina dauka. Zoritxarrez modan dagoen kontzeptu honi “pobrezia energetikoa” deitzen diogu.

Baina zer da pobrezia energetikoa? Familia bat ondorengo kasuren batean denean: Ezin dutenean energiaren faktura ordaindu edo etxeko diru sarreren zati handi bat fakturaren ordainketara bideratu behar dutenean (%10a baino gehiago); etxebizitzaren tenperatura egokia mantentzeko ahalmena galdu denean (21ºC egongelan eta 18ºC beste gela guztietan); etxebizitzak hezetasuna eta itoginak dituenean.

Etxebizitzetako pobrezia energetikoaren eragile zuzenak ondorengoak dira:

– Diru sarreren jaitsiera edo etxebizitzako famili errentarena.
– Energiaren prezio igoera, gaur egun %90 garestiagoa da orain dela 10 urte baino.
– Etxebizitzen efizientzi energetiko baxua.

Ingurumen zientzietako elkarteak (IZE), eta neguko estatistiken  arabera, esan daiteke Estatu espainolean urtero 1900 hildakok zerikusia izan dezaketela pobrezia energetikoarekin (errepideko istripuen ondorioz hil diren kopuruaren antzekoa).

Arazo larri hau ez da konpontzen beste manta bat gainean botata edo arropa gehiago jantzita. Pobrezia energetikoa 60 urtetik gorakoen pertsonen eta umeen artean gaixotasun fisiko eta mentalekin erlazionatuta dago, hildako gehiago sortuz bihotzeko eta biriketako gaixotasunengatik.

Gaindegiaren azken azterketaren arabera, Euskal Herrian 131.000 pertsonak pobrezia energetikoa pairatzen dute. EAEn 87.000 pertsonak ezin dute euren etxea tenperatura egokian mantendu.

Jarraian, proposamen batzuk pobrezia energetikoaren aurka borrokatzeko:

  • Energiaren prezio garestien aurka tarifa sozialak bultzatu.
  • Etxebizitzen efizientzia energetikoa bultzatu.
  • Energiaren beharrei asetzeko laguntza sozialak eman.

Aldi berean, ate birakarien fenomenoan adituak, Felipe Gonzalez (Gas Naturaleko kontseilaria), Jose Maria Aznar (Endesako kontseilaria) edo Josu Jon Imaz (Repsoleko kontseilaria delegatua), batzuk aipatzearren, euren poltsikoak betetzen dituzten bitartean, gero eta pertsona gehiagok ezin dute argindarraren faktura ordaindu, hotza pasatzen dute eta gaixotasunak sufritu.

Behingoz, energia berriztagarrien alde eta burujabetza oligopolioak baztertuta kontsumo lokalaren burujabetzaren apustua egin behar dugu, benetako independentzia energetikoa bultzatuz, beti kontrol publikoaren esku egongo dena.