Bi pankarta

Juanjo LegorburuDuela egun batzuk Lemoako errotondan bi pankartekin topo egin nuen. Alde batean, ‘Euskal presoak etxera – Gora EPPK’ zioena. Beste aldean, ‘Amnistia ta Askatasuna’ marrazten zuena. Kontraesanetik argira, irudi hau gaur egungo liskar antzu baten isla besterik ez delakoan nago.

Joko zelaia zedarritzeko asmoz eta eraldaketa politikoa abiapuntua hartuta, nik esango nuke konfusioa edo nahasmendua gurean erraz ematen dela. Zentzu orokor batean, Ezker Abertzalean argiki beharko genuke izan aldarri bakoitzaren eremua, nahiz biak bateragarriak izan. Amnistia eta Askatasuna egitasmo politikoaren ardatza da (Independentzia eta Sozialismoa helmuga) eta ‘Euskal Presoak Etxera’ prozesua litzateke, egitasmoa lorgarri bilakatzeko bidean hautatu dugun lanabes bat, alegia.

Bata eta bestearen artean ez dago kontraesanik, guztiz bateragarriak direlako, eta horrela behar du izan. Ez ditzagun gure indarrak ahitu bigarren mailako eztabaidetan, egiteko nahikotxo aurretik dugunean. Ikuspegi ezberdinak egon daitezke gaiak jorratzerakoan eta horrelakoek eztabaida bera aberastu beharko lukete. Hala ere, erroa bat eta bera denez, borroka ere bera da. Hortik aurrera arazo bilakatzen da, indarrak alferrik galtze bat, eta zinez, egun soberan ez dugu deus.

Gure egitekoa da Euskal Presoak etxera ekartzea modu duin batean, euren izaera politikoa gordez baina, egoerak eskatzen duen bezala, ausart jokatuz.