Bihar Independentzia

Antigualeko nahia da euskaldunon artean independentzia; alegia, gure lurraldea zein den zehaztu eta gizartea guk nahi dugun moduan antolatzeko borondatea. Hala ere, ez da borondate kontu huts bat bakarrik, hori nahikotxo baitago, baizik borondate berari gehitu beharko genioke gogoa, erruz egin beharreko lana eta une gorenak sumatzen direnean asmatzea hautatzen diren baliabideekin zein borroka moldeekin.

Independentzia ideiari, oraindik, ez diogu eman arnas luzeko ikerketa zein gorpuzte teoriko sendorik. Independentzia hitz potoloa baita, nahiz eta milaka bider aipatu azkeneko bi mendeetan, euskaldunen artean esnatzeko desio lokartu bat bezala hartu beharko genuke. Osotasunaren kontzientzia falta zaigu, nahiz “zazpiak bat” askotxotan aipatu, zein nahikotxo aldiz erabili arinki.

Kontzientzia hartze aldera, ondo legoke aztertuko bagenu gure Estatu zapaltzailearen historia; hor aurkituko genituzke hainbat eta hainbat arrazoi independentziaren alde borrokatzeko. Espainiak historian zehar egin dituenak eta gero, gu biolentoak? Ezin konta ahala sarraski eta bortxa egindakoak dira han eta hemen eta, hala ere, guk daramagu biolentoen etiketa. Geure indarretan gutxi sinesten dugu, ur handitan sartzea eskatzen du independentziak, bestela nola lortu Euskal Herria independente eta askea izatea iraultzaren zentzu sakona ez baitugu berpizten?

Ez dakit herritar bakoitzaren gogoan zer adierazten duen hitz honek, zer nolako jokoa ematen dion adierari hausnarketari bidea zabaltzen dionean, zer bisualizatzen duen hodeiertzean gure herriko independentzia marrazten duenean. Esango nuke noizbait egin dugun ariketa dala independentista sentitzen garenok. Hala ere ez litzateke zuritik beltzera igarotze erraldoi bat, akaso prozesu politikoa astiro doan ibilgailua beharko luke izan. Izan ere, Estatu propiorik ez duen herrian zatiketa politikoa baitago eta lehenago zauri sakon horiek itxi beharrean geundeke.

Datorren apirilaren 22an Independentzia Eguna ospatuko dugu herrian eta, esan beharrik ez dago, gonbita zabala egiten dugula bertaratu nahi duenarentzat, Independentziak denon atxikimendua behar duelako.

Egunean zehar askotariko ekimenak jorratuko dira independentziaren zentzu zabala osatze aldera. Gaur herri kontzientzia, bihar independentzia! Erdu gurekin batera!