Bihartik aurrera izango dute herritarrek EH Bilduk Zornotzan udal hauteskundeetarako proposatutako zerrenda onartu edo baztertzeko

EH Bilduk Zornotzan udal hauteskundeetarako proposatutako zerrenda onartu edo baztertu ahal izango dute herritarrek bihartik hasi eta larunbatera arte. Bozkatzeko, ezinbestekoa izango da aurretik izena ematea eta akreditatzea.


Zornotzako EH Bilduk prest dauka udal hauteskundeetara aurkezteko zerrenda, herritar konprometituz osatua, arlo zein adin tarte desberdinetako zornotzarrez. Zerrenda egokia den ala ez erabakitzea, ordea, EH Bilduren oinarriari dagokio. Beste batzuetan bezala, oraingoan ere bozkatu ahal izateko ezinbestekoa izango da izena ematea eta akreditatuta egotea.

elkarrekin.ehbildu.eus webgunearen bidez eman daiteke izena. Hori egindakoan, “akreditatu” dioen botoia sakatu, eta listo. Minutu gutxi batzuk hartzen dituen prozesua da, zenbait erabaki garrantzitsutan parte hartzeko aukera ematen duena. Inoiz antzeko prozesuren batean bozkatu dutenak akreditatuta daude dagoeneko, beraz, ez dute beste ezer egin behar bozkatu ahal izateko. Martxoaren 2an 00.00etatik aurrera, 3an eta 4an 12.00etara arte izango da webgunearen bidez bozketa zabalik.

Aurrez aurre bozkatzea nahiago duenak ere izango du horretarako aukera. Martxoaren 3an 11.00etatik 12.30etara bitartean Far-farren bozkatu ahal izango da eta Belatxikieta Herriko Tabernan 18.00etatik 19.30etara.

Maiatzaren 28an izango dira udal eta foru hauteskundeak, eta baita Nafarroako parlamentukoak ere. Ander Uriarte izango da EH Bilduren hautagaia Zornotzako alkatetzarako. Herritarrek onartu zuten hautagaitza eta herritarrei dagokie, oraingoan ere, proposatutako zerrendari onespena eman edo hura baztertzea.