«Biktima guzti-guztiok maila berdinean aitortuak eta erreparatuak izateko eskubidea dugu»

Julen_ArzuagaEAJ eta PSEren botoekin, poliziaren indarkeriaren biktimen legea onartu berri du Gasteizko Legebiltzarrak, 1978 eta 1999 artean Espainiako Estatuko funtzionarioek eragindako biktimak aitortzen dituena. Honi buruz mintzatu gara Julen Arzuaga EH Bilduko legebiltzarkidearekin eta Egiari Zor fundazioko kide den Ainara Esteranekin.

Nola baloratzen duzue lege hau bultzatzeko ekimena?
Julen Arzuaga (J.A.): Hasiera batetik esan dugu: Estatuaren biktimei babesa emateko lege bat behar da. Baina ez, azkenean, EAJ eta PSEren akordio bidez onetsi den lege hau. Memoria egiteko, biktimei erreparazioa emateko, egia ezagutu behar da. Esan daiteke hiru eredu daudela hau egiteko. PP eta UPyDk egia ezagutu gabe ondorioak atera nahi dituzte, hau da, errelatoa egin nahi dute, gertatutako erdia ezagutu gabe. EAJ eta PSEk egirako prozesu luze bat proposatzen dute, mailakatua, biktimei ezberdin tratatuz bortxaketa eragin zuen eragilearen arabera edo testuinguru edo garaien arabera. Prozesu hau EAJren kudeaketa interesei lotuta eta PSEren kontraesanei lotuta dago, aurrera egingo du, edo ez, eta ez dakigu zein puntutara arte.

Guk Egiarako Batzorde oso bat proposatzen dugu, biktima guztiak berdin jasoko dituena, integrala eta denbora epe egoki batean jardungo duena. Horra hor ezberdintasun nagusiak.

Ainara Esteran (A.E.): Egungo legedian babesik ez duten Estatuaren biktimeei aitortza eta erreparazioa eman diezaien lege bat beharrezkoa dela azpimarratu behar dugu. Beraz, horretarako lege bat bultzatu izana urrats positibo eta garrantzitsua iruditzen zaigu. Beste gauza bat da, ordea, Jaurlaritzak aurkeztutako testuak betetzen zuen biktimen espektatibak ala ez eta, gerora EAJ ta PSEEren arteko akordioaren emaitza den testuaren eduki berriak, legea bera biktimen espektatiba horietatik oraindik urrunago kokatzen duen.

Era berean proiektu honen rango juridikoa legearena izatea txalotzen dugu, aurrekariak dekretuak izan baitira, biktimen arteko mailakatze bat sortuz, dekretuaren rango juridikoa txikiagoa baita.

Nolakoa izan da prozesua?
J.A.: Legea aztertzeko batzordea eratu zenean, EAJk presa zuen, dokumentua oso berandu aurkeztu zuen eta ez zuen agerraldirik eskatu. PSE eta PPk aditu batzuk ekarri zituzten, esan zutenak lege-asmoa juridikoki egokia zela. Guk kezka genuen edukiaren aldetik eta, batez ere, biktimak entzun nahi genituen, euren itxaropenak ezagutzeko.

Horrela egin genuen, hainbat biktima gonbidatuz: Estatuko seguritate indarrek desagertuak, exekutatuak, torturatuak, zaurituak, GALen biktimak, Ertzaintzaren biktimak edota kartzela politikaren biktimak. Oso balorazio ona egiten dugu agerraldietan agertutako eskariez.

Biktimen lege bat ezin da egin lehenik eta behin biktimak entzun gabe.

Egiari Zor fundazioaren agerraldi bat, erdian Ainara Esteran ageri dela.

Zer du ona eta zer du faltan lege proiektuak?
J.A.: Ona du lehenengo aldiz lege batek Estatuko biktimen aitortza eta erreparazioa egingo duela. Faltan du beste biktima batzuekiko aitortza eta erreparaziorako neurriak berdintzea: zergatik ETAk eragindako biktima batek balio du 250.000 euro eta Estatuarenak 135.000? Barkatu termino horietan jartzea, baina tratu ezberdintasuna mingarria da. Faltan du estatuaren biktima guztiak jasotzea. 1960tik 1999ra bitartekoak jasoko dira. Nola azaltzen zaio 2000. urteko urtarrileko biktima bati ez dela legearen baitan sartuko? Nola azaldu 60tik aurreko bati, nahikoa itxaron duena aitortza eta erreparazioa jasotzeko, oraindik gehiago itxaron beharko dutela? Ez, ez da egokia.

A.E.: Lehenengo galdera erantzutean positibo ikusten duguna, Estatuaren biktima batzuk aitortuak eta erreparatuak izango direla, aitortze eta erreparatze maila beste biktimekin konparatuta txikiagoa izango den arren. Urrats positiboa, baina motz geratzen zaiguna, oso motz.

Biktima guzti-guztiok maila berdinean aitortuak eta erreparatuak izateko eskubidea dugu. Eta hona hemen gakoa, legea bultzatzen da rango juridikoari dagokionez biktimen arteko mailakatzea ekiditeko asmoz, baina legearen garapenak edo edukiak argi erakusten du Estatuaren biktimeei beste biktimekin alderatuta ez zaigula eskeintzen eskubideetan berdinak izan gaitezen ahalbidetzen duen legerik, ez eta dagozkigun eskubide guztiak gauzatu ahal izateko ere.

Aipatu beharko litzateke justizia ordinarioaren porrotak ekarri duela lege hau martxan jartzearen beharra. Giza Eskubideen urraketa larrien aurrean justizia ordinarioaren porrotak, urraketa guzti hauen arduradunentzat inpunitatea baino ez du bermatu. Inpunitateak era berean, Giza Eskubideak urratzea ahalbidetu duela ere esan behar dela uste dugu.

Beste alde batetik, aipatu beharko luke testuak, Giza Eskubideen urraketa hauek izan duten motibazioa: izan ere, bizi izandako kontestua ez baita izan ez gatazka sozial baten ondorioz, ez erlijioso baten ondorioz, ez etniko baten ondorioz. Giza Eskubideen urraketa hauek, gatazka politiko baten kontestuan eman dira, beraz, gatazka politikoaren ondorio zuzena dira.

Gainera, desegokia iruditzen zitzaigun Jaurlaritzak aurkeztutako legearen izen proposamena «legez kontrako errepresioak sortutako…», izan ere subjektu ekintzailerik gabeko biktimak bezala tratatzen gintuen. Legez kontrako errepresioa ez da gure kalte eta sufrimendua sortu duen subjektuak baizik eta erabilitako tresna. Gu Estatuaren indarkeriaren biktimak gara eta gure giza eskubideak urratu zizkiguten, beraz errealitate honen aitortza lehena izan beharko litzatekela iruditzen zaigu.

Orain, aldiz, PSEren emendakinak gehitzerakoan izena aldatzen omen da «Giza Eskubideen urraketen biktimen…». Giza Eskubideak bermatu behar dituen subjektua Estatua den heinean, Estatuak Giza Eskubideekin bete beharra duen heinean, Estatua Giza Eskubideak urratu ahal dituen subjektua ere bada. Beraz, azken izen hau egokiago ikusten dugu izan ere Giza Eskubideak urratzeko Estatuaren eskuarmena beharrezkoa baita. Beraz itxatxita darama guk pairatutako urraketen erantzulea Estatua izan dela.

Arlo kronologikoari buruz ere ondo iruditzen zaigu Poliziaren Indarkeriaren Biktimen Dekretuan sartu ezin izan zirenei aukera ematea lege proiektu honetan sartzeko, atzerako eraginezko aplikazioa jasotzen baitu 1960 urtera arte.

Baina honi buruz esan behar dugu 1936tik gaurdaino indarkeriak ez duela etenik izan Euskal Herrian, beraz indarkeriak eragindako biktimez aritzean arlo kronologikoan horrelako parentesiak egitea artifiziala dela uste dugu. Eta biktimeen errealitateari erantzutea baino, interes ideologikoei erantzuten duela uste dugu.

Beste zenbait gabezia ere ikusten ditugu, horien artean: biktimei ez zaiela erreparaziorako behar besteko erraztasun ematen, haien esku uzten dela biktimizazioa frogatzeko ardura (mediku txosten asko ez dira existitzen jada), kalte psikologiko eta moralak aintzat hartu beharko lirateke, biktimek eta gizarte osoak egia guztia jakiteko eskubidea jaso behar luke legeak eta, horrez gain, jazotakoa berriz ere gertatuko ez dela bermatzeko neurriak zehaztu beharko lituzke.

EAJk PSErekin adostu du legea, haren emendakin gehienak aintzat hartuz. Zein da honen inguruan egiten duzuen irakurketa? Zer bilatzen dute EH Bilduk erregistratutako 83 emendakinek?
J.A.: Gure 83 emendakinekin bi gauza bilatzen genituen: nazioarteko arautegietan biktimak aitortu eta erreparatzeko betebeharra, agindu inperatiboa dela ezartzea. Ez da egin dezakegula, nazioarteko komunitateak horretara behartzen gaituela baizik. Bigarrenez, epeak altxatu, erreparatzeko neurriak zabaldu eta sakondu nahi genuen, osotasun hori lortzeko. Estatuaren bortizkeriaren edozein biktima egia eta justiziaren bidetik laguntzea.

Beste aldetik, nahi genuen prozedura bat biktima lagunduko zuena bere nahiak betetzera. Legearen arabera, errekonozimendurako eskaria biktimak egin behar du, berak ekarri behar ditu dokumentuak, bi urtetako epean egin behar du eskaria… Guk biktimak laguntzeko prozedura bat bilatzen genuen, ikerketa lanerako ekipo zabal bat eratuz, «Leihatila iraunkorra» planteatzen genuen, hau da, biktima nahi duenean, edo hobe esanda, bere momentua heldu dela pentsatzen duenean, eskaria egingo duela eta, hortik aurrera, erakunde publikoetatik akonpainamendu oso bat egingo zaiola ziurtatzea nahi genuen. Ez da horrela izango.

Tamalez, 83 zuzenketatatik 3 onartu dira. EAJ eta PSEren akordiotik kanpo zegoen beste alderdiari, PPri alegia, 41 zuzenketetatik 33 onartu zaizkie. Argi dago EAJ-PSEk nor erakarri nahi izan duten, nor baztertu. Antza denez, PPrengandik gertuago dago EAJ-PSEren akordioa gugandik baino.

A.E.: Jaurlaritzak Bake eta Bizikidetzarako plana aurkeztu zuenean egutegi bat ezarri zuen hura garatzeko. Ikusten ari garena da, lehentasuna ez dela Estuaren biktimen eskubideak bermatuko duen lege integral bat osatzen saiatzea, baizik eta beraiek haien buruei ezarritako egutegiaren epeak betetzea.

Honek berriro ere biktimen esperantzak zapuztu ditu, lege integral bat ez dugulako izango eta motz geratzen zaigun lege hau noizbait berreskuratu beharko da nazioarteko parametroetan kokatzeko eta izandako Giza Eskubide urraketa bat bera ere ez legearengandik kanpo ez geratzeko. Guzti-guztiak aitortuak eta erreparatuak izateko.
Uste dugu EH Bilduren emendakinak guk lehen aipatutako legearen hutsuneei edukia ematera zetozela. Edozein pertsona Giza Eskubideen urraketa bat sufritu duenak, edozein datatan, edozein testuinguruan eta edozein eragilearen partetik izanda ere izan behar du aintzat hartua izateko eskubidearen ildotik. Lege hau integralagoa, askoz ere anbiziosoagoa eta inklusiboagoa egiteko asmoz. Eskubideen arloan ere beste biktimen legeekiko parekotasuna. Giza eskubideen urraketa berdina eskubide berdinak.

Lege honen tramitazioarekin batera, Francisco Etxeberriak torturaren inguruan eginiko txostenaren ondorio nagusiak ezagutu ditugu. Orain arte itzalpean mantendu nahi izan diren gertakariak argitara ateratzen ari direla ematen du. Hala ikusten duzue zuek ere?
J.A.: Lan horrek esaten du 4.900 pertsonek sufritu dutela tortura. 310 Ertzaintzaren esku gainera, bortizkeriaren kontaketatik kanpo kokatu nahi izan dena. Hori da egiaren garrantzia, mahai gainean gertakizun guztiak jartzea.

Atal kuantitatiboan, arazo bat planteatzen digu. Giza Eskubideen biktimen lege honekin esaten da 350-400 kasu aintzat hartuko direla. Estatuko indarrek torturatu, zauritu eta hildako unibertso horretatik lagin txiki baino ez. Zerbait gaizki dago lege horretan horren kasu gutxi jasotzeko.

Atal kualitatiboan, errelato famatu hori, egiaren gainean ezartzen bada, ondorio ezberdinetara helduko da. Batzuk ezarri nahi dute talde «terrorista» baten gaineko ardura guztia. Errelato hori bertan behera geratzen da Egia osoa ezartze bada. Ondorioztatu daitekeena zera da: gatazka bat bizi dugula, zabala eta sakona ondorioetan, politikoa muinean.

A.E.: Guk ere ikusten dugu izkutuan mantendu nahi izan dena argitara ateratzen ari dela. Horregaitik ere argi daukagu, lehen aipatutako arlo kronologikoan egiten dituzten parentesiak, terminologia, dekretuen eta lege honen hutsune ta murritze elementuak sartzearen arrazoia zein den, gatazka politiko baten ondorioa gerala ukatzearen arrazoia, garaile eta garaituen eskeman tematzearen arrazoia…

Gai honen sustraian gure ustetan «errelatoaren borroka» deritzona dago, eta borroka hau kokatu beharra dago eremu ideologikoan. Horregatik salatzen dugu biktimen gaia oso errekurrentea dela arlo politikoan, gure esistentziaren aitzakiaz baliatzen baitira batzuek, dituzten interes ideologiko eta alderdikoien alde egiteko, benetako interesa egia, justizia, erreparazioa eta berriro ez gertatzeko bermeekin egon beharko litzateke, zintzotasunez eta batez ere gizarte osoa garaile izango litzatekelako. Gertatutakoa berriro ez errepikatzeko ezinbestekoa da jakitea eta jakinaraztea gertatutako guztia, memoria inklusiboa eta osoa. Abiapuntu honetatik esan bezala guztiok garaile izango gara, eskubide guztiak pertsona guztientzako, aldiz jarraitzen dugu ikusten nola batzuen interesak beste toki pribatuagoan dauden.

Kasu honetan ere, badirudi Gobernu espainiarrak legea oztopatu eta helegitea aurkezteko asmoa duela. Zer esan nahi du honek, zuen aburuz?
J.A.: Legea oztopatuz, egia oztopatu nahi du. Antonio Basagoitik esan zuen Legebiltzarrean, orain dela ez asko: «ETAk 850 pertsona erail ditu, Espainia defendatu dugunok 0». Hori ez da kontabilidade arazo bat, aritmetikoa. Hori kontaketa partzial eta gezurtia ezartzeko ahalegina da. Lege honek frogatzen badu, ofizialki, instituzio publiko batek jasota, horrela ez zela izan, kontaketa horrek galtzen du kredibilitatea. Horregatik Barne Ministeriotik legea konstituzionalitatearen kontrako helegitearen mehatxuarekin etorri da.

Hori da testuingurua: alde batetik, PP eta UPyDren mehatxua egia agerrarazten badugu, eta bestetik, EAJ eta PSEren errenuntzia egia osotasunean agertzeko, interes partikularretan oinarrituta. EH Bilduk abstentziora jo du bi norabideko mezu batekin: legea egiteko eskubidea eta betebeharra dugu eta biktima guztiak, berdintasunean jasotzeko eskubidea eta betebeharra dugu.

A.E.: Estatua ez dago prest berea ez den beste kontakizunik onartzeko ez eta bestelako instituziorik bere kontakizunarekin bat ez datorrena ere onartzeko. Kontakizun ofizialak dio soilik esistitzen direla ETAk sortutako biktimak, indarkeria bakarra egon delako, beraz ez dago konpondu beharreko gatazka politikorik izan ere egon den gatazka bakarra ETA izan delako, indarkeriaren jatorria bera ere izanik. Ez dago prest beste kontakizunik onartzeko.

Orain arte existitzen ez zen tortura onartzea, orain arte existitzen ez ginen Estatuaren biktimak aitortzea kontakizun ofizialaren lur-jotzea nabarmentzera dator. Gure existentzia berak ere kontakizun ofizialaren porrota agerian uzten duen heinean, gure Estatuaren indarkeriaren biktimen izaera ezabatzen saiatuko dira behin eta berriz. Argi esan zuen Barne ministroak dekretua errekurritu zutenean: «Intentar poner en el mismo plano la acción inhumana y salvaje de ETA con otras acciones colaterales que se hayan derivado de esta agresión al pueblo es lamentable, injusto e impresentable».

Gatazkak eragindako zauriak sendatzen joate aldera, zein urrats eman beharko litzatekeela uste duzue?
J.A.: Orain arte estatuaren biktimak borrokatu behar izan dute instituzioetatatik aitortza eta erreparazioa jasotzeko. Guk lagundu nahi ditugu bide horretan. Indarra egingo dugu instituzioek biktimen alde egin dezaten, biktimekin batera, ez orain bezala, biktimen atzetik eta biktimei bizkarra emanez. Esan bezala, egia eta justizia ezartzeko prozesu bat ezartzen ari da. Motel, astiro, era mailakatua, biktimak dituzten eskubideak jasotzeko borrokatzera behartuz.

Guk azkartu nahi dugu prozesu hori, biktimak berdintasunean eta osotasunean jasoak izan dadin. Konpromiso osoa dugu biktimak bide hau egiten laguntzeko.

A.E.: Lehen urratsa litzateke oraindik indarrean dauden indarkeri motak behingoz desagertzea. Lehengo erantzunetan hasi gara nolabait erantzuten Egia, Justizia, Erreparazioa eta berriro ez gertatzeko bermeekin lotuta egon beharko liratezke urratsak, baina honetan bai ariketa garbia eta zintzoa eskatuko genuke.

Bestetik ere, uste dugu gatazkak eragindako zauriak sendatzea ezinbestekoa dela, baita gatazka sortu zuen arrazoiak ere.