Biribilgune bat eta goi-pasabide bat eraikiko dituzte San Antonio auzoan

Amorebieta-Etxano eta Durango artean, N-634 errepidetik 26.600 ibilgailu pasatzen dira egunero, eta Foru Aldundiak iragarritako proiektuak ez du gehiegizko trafikoaren arazoa konponduko.

Bizkaiko Foru Aldundiak iragarri du N-634 errepidea hobetzeko asmoz obrak egingo dituztela Montorra eta Euba artean. Lau aukera izan dituzte mahai gainean eta dagoeneko baten aldeko apustua egin dute.

Proiektu horren arabera, San Antonio auzoan biribilgune bat egingo dute eta oinezkoentzako goi-pasabide bat, alde bietako auzokideen joan-etorriak lotzeko eta segurtasuna bermatzeko.

Egitasmoa aurrera eramateko 7,5 milioi euro gastatuko dituzte guztira. Lanak 2021eko udaberrian hasiko dira eta 16 hilabete iraungo dutela espero da.

Goi-pasabidea eraikitzeko obra, berriz, 2022an gauzatuko dela aurreikusi dute. Inbertsioa 1,2 milioi eurokoa izango da eta Aldundiaren eta Amorebieta-Etxanoko Udalaren artean ordainduko dute.

Amorebieta-Etxano eta Durango artean, N-634 errepidetik 26.600 ibilgailu pasatzen dira egunero, eta horietatik % 14,4 kamioiak dira.  Gehiegizko trafiko horrek eragin zuzena dauka Berna, Euba, San Migel, San Antonio eta Montorra auzoetan bizi diren herritarrengan.

EH Bilduk ohartarazi nahi du Aldundiak iragarri duen proiektuak ez duela gehiegizko trafikoaren arazoa konponduko. Biribilguneak eta goi-pasabideak segurtasuna hobetzea ekar dezake, baina ibilgailu kopuru bera igaroko da egunero errepide horretatik.

Gure iritzian, gehiegizko trafikoaren arazo larriarekin amaitzeko soluzioa zirkulazio guztia A-8ra bideratzea da, N-634 errepidea herri barruko mugikortasunerako bakarrik utzita.