Bizitza anitzak eta duinak

Pasa den ekainaren 2an Alternatiben herria ospatu zen Iruñean Euskal Herriko Eskubide kartak deituta. Gune tematiko asko antolatu ziren eta “Bizitza anitzak eta duinak” gunean hurrengoa izan zen aurkezpena:

“Jendartearen bazterretara, baita bizitza beraren kanpoaldera ere, bidaliak izan garen gorputzak gara. Besteak gara. Arauak estaltzen dituen errealitate eta identitateak azaleratzera gatoz, begiratu nahi ez diren guzti horiek”.

Sistema kapitalista, patriarkar eta kolonialak sortzen dituen bazterkeria mekanismo guztiekiko jarrera kritikoa sustatu nahi dugu. Zeharkatzen gaituzten botere harremanak eta ezkutuko harresiak biluztu nahi ditugu, baita sistema arteko indarkeriaren elkar loturak ulertu ere. Alegia, arraza, sexu generoa, sexualitatea, jatorria, hizkuntza, gorputzen funtzionalitatea, nazioa, klasea edo adina nola elkar gurutzatzen den aztertu nahi dugu”.

Gure kokaleku propiotik ekiten diogu alternatibak eraikitzeko bide komunari, boteretu eta subjektu politiko bihurtu garelako. Gure bizitzaren eta aldaketa prozesuaren protagonistak gara, borrokan dauden gorputz errebelde hauek saretzen hasiak gara, mestizaje politiko eta enpatia ariketa bat eginez. Askotariko borroka eta alternatibak artikulatzeko gakoak bilatu nahi ditugu, diferentziak ukatzen ez dituen mugimendu zabala eraikitzeko, aniztasuna aberastasun komun moduan baliatuko duena”.

Topatu nahi dugu, bestearen lekuan jarri eta elkarri aitortu, gure indar erradikalaz jabetuz. Bazterrak zeharkatu nahi ditugu erdiguneak hartzeko. Gure bizitzek balio dutelako, bizitza duin, burujabe eta bizigarriak bermatzeko Alternatiben Herria eraikitzen ari gara”.