Bizitzak erdigunera eta gora borroka feminista!

Martxoaren 8an emakumeek gauzatuko duten greba orokorra greba politikoa izango da, funtsean borroka ezin daitekeelako izan generoen arteko berdintasun kontu soil bat, aldaketa sozial sakon batera eramango gaituen prozesu bat baizik. Bizitza erdigunean duen eredua aldarrikatuko duelako Mugimendu Feministak.

Bizitza erdigunera ekarri… bizitza ez baita arazo soil bat, izatekotan, bizitza pentsamenduaren arazo bat litzateke, emakumearen pentsamendua bezala, hots: anitza. Beraz, beti dago erdigunean eta, nolabait esatearren, etengabe galderak egiten, berezkotik baitakar eboluzioa. Eta hona iritsiz gero, esan dezakegu urtaro egokiagorik ez dagoela udaberria baino, sortzeaz eta ahalduntzeaz hitz egiteko, espazio propio bat aldarrikatzeko eta espazio horretan erne daitekeenari identitate bat atxikitzeko. Izan ere, emakumeen borroka luzea horixe izan baita: sortu, borrokatu, ahaldundu….

Ahalduntze prozesuak berez konplexuak, dinamikoak eta etengabekoak direla ulertu beharko genuke. Ahalduntze espazio berri bat eraikitzerakoan aurretik dagoen beste espazio bat desahaldunduko da. Adibidez: gizonon kulturak eraikitakoa deseraikitzen joan, naturara berriro itzuliko balitz bezala, berriro ere eraikiz joateko baina berdintasunean, errespetuan, eta lehenagotik ondo errotutako parametroak ez errepikatzeko. Horixe ere bada udaberria… Feminismoa bera ere nolabait horixe baita: joan etorri bat, teoria eta praktika uztartzen dituen prozesua.

Iaz, emakumeek, greba kontzeptu berri bat sortu eta zabaldu zuten; hain zuzen ere, bi lanak lotzen dituen greba: lan produktiboa eta zaintza lana. Biak ala biak geldituz gero, mundu osoa geldiarazteko gaitasuna lukete. Gizarte orori emakumeen emantzipazio mailak damaio emantzipazio orokorraren neurri naturala. Zenbat eta gutxiago errepikatu egun indarrean egon dauden botere parametroak, hainbat eta gertuago geundeke berdineko izate horretan. Beraz, zerbait berria sortu beharko du.

Ez dakit emakume adina erronka dauden, baina hasteko egindakoa mantendu beharreko lana da. Denon lana, zaintza lanak ere denonak diren bezala; hor dago ere genero indarkeria edota gorputza eta sexualitatea, ez esateagatik identitatea eta aukera sexualak… eta, jakina, patriarkatua, zeuon lurraldeetan eta gorputzetan burujabe izatea, gauaz eta gauean gozatzea, ni-a eta gu-a uztartzea biak ala biak, elkar eta elkarrekin joan eta jorratu daitezen.

Ezagutzak kontzientzia sortzen eta garatzen du, baina kontzientzia interpelatzen duen galdera da: eta nik, guk, zer? Egun oraindik ere, eta indartsu gainera, gizarteak egiten segitzen duen eskaintzan genero aginduek diraute. Patriarkatuak hor dirau, tente eta trinko. Akaso patriarkatu demokratikoa, eskubide asko onartuak izan direlako?… Baina oraindik zoru hauskorrean, pausoa eman eta erortzeko arriskuarekin, patriarkatua eta kapitalismoa lotuta oso doazelako. Eta ez ahaztu, patriarkatuaren eta kapitalismoaren aliantza kriminalean datzala faxismoaren egote-suspertzeak. Beraz, ezinbesteko uztarketa da borroka feminista eta borroka antifaxistarena.

Gizartean, modu zabal batean, onartuta dago emakumeek eremu orotan lan egin dezaketela; ez, ordea, gizonok. Ez momentuz, gutxienez. Emakumeek, joan-etorritako borrokei esker, jakin badakite zer nahi duten izan, baina gizonok (bederen askotxok) ez dakigu zer nolako bilakaera eraman ez garen hori izaten hasteko.

Indarra duzue, akaso inoiz izan duzuen indar handiena, baina oraindik ez behar adina eguneroko jarrerak aldarazteko, eraldatzeko, gizartean txertatuz joateko. Ez oraindik behar adina indar gizonon erregistro mentaletan eragiteko. Egia esan, ez da zuon lana bakarrik, baizik gurea ere bai, nahiz guk oraindik ez izan argi gure nolakotasuna zein behar duen izan.

Martxoaren 8ko kaleratze masiboa momentuko lore izan dadila… gero hurbilean, udaberrituko gaituena!